
Aurtengo seihilekoan delituek behera egin dute Goierri garaian, Mikel Uria Zumarragako Ertzain-etxeko nagusiaren arabera, «azken sei hilabeteak oso lasaiak izaten ari dira». Horren isla da Uriak emandako datua, 2013 hasi zenetik iaz baino %33 delitu gutxiago izan baita.
Urtea hasteaz batera, «krisiaren eraginez delitu gehiago egongo zirela uste izan genuen, baina gure aurreikuspena ez da bete. Edozein modutan, boladak daude, eta gerta daiteke hasi berri den bigarren seihileko honetan delituek gora egitea».
Zumarragako Ertzain-etxera salaketak egitera doazenen artean, azken urteotan gehien ugaritu diren salaketa motak Internet bidez egindako lapurretak dira. «Erosketak Internet bidez egiten dituztenen txartelen zenbakiak baliatuta edota kreditu txartela bikoiztuta egiten dira horrelako lapurretak».
Beste salaketa mota bat genero indarkeriarekin lotuta dago, «ez dago kasu asko, baina egon badaude. Protokolo jakin batzuk martxan jartzen ditugu horrelako kasuetan, eta gai horretan espezializatutako ertzain bat ere badugu». Ez dago genero indarkeria kasuetan salaketa jartzen duenaren soslairik, «egin dezakedan baieztapen bakarra da horrelako kasuek ez dutela klase sozialik».
Drogari dagokionez, «kontsumitu nahi duenak badauka non erosi, gure aldetik dagoena ikertzen saiatuko gara. Orain indar gehiagorekin jaurlaritzak ikerketa ere bultzatu nahi duelako».
Zumarragako Ertzain-etxeko ertzainek oinez egiten dituzten patruilei buruzko albiste zabala bihar, Goierriko Hitzan