
Aurrera doaz Filipina Uharteak kaleko lanak. Kalea goitik behera eraberritzen hasi ziren uztaila hasieran, eta lanak abuztu amaieran bukatuko dituzte ikasturte hasierarako La Salle-Legazpi ikastetxeko sarrera libratzeko.
Egunotan, Mendiola eraikuntza enpresako langileak ikastetxearen ondoko espaloia apurtu eta azpialdean ur-hornidurarako hoditeria berria sartzen ari dira; kale osoko hoditeria berrituko dute.
Espaloietan Urdaneta Hiribidean aurten jarri dituzten baldosa berak ipiniko dituzte. Aurretik zeudenak labainkorrak ziren, eta berritu egingo dituzte, Mikel Serrano alkatearen esanetan, «herritarren aspaldiko eskaera bati erantzuteko».
Led argiak
Filipina Uharteak kaleko argiteria ere aldatuko dute. Zumarragako udal gobernuak, agintaldi honetan zein aurrekoan, argiteria mota honen aldeko apustua egin du, eta gutxi dira dagoeneko argi hauek ez dituzten tokiak nahiz auzoak. «Egin ditugun hirigintza lan guztiak argiteria aldatzeko probestu ditugu, eta hainbat tokitan propio aldatu ditugu nahiz eta lanik ez egin».