Kanpaina datorren astean burutuko dute Zumarragan eta Urretxun astelehenetik ostiralera bitartean
Birziklatzea erraza da lelopean Birziklapenaren Astea egingo dute datorren astean Urretxun eta Zumarragan. Sasieta Mankomunitateak antolatutako egitasmoak edukiontzi marroiaren erabilera bultzatzeko helburua du, baita birziklapenaren inguruko zalantzak argitzeko asmoa ere.
Astearen baitan egingo dituzten ekintzez gain, Areizaga-Kalebarren plazan karpa bat ipiniko dute eta edukiontzi marroia erabiltzeko izena bertan eman ahal izango da aste osoan zehar. Dagoeneko erabiltzen dutenek poltsak jasotzeko txartel bat jasoko dute postontzietan. Txartel horrekin Zumarragako Ispilla kiroldegian eta Gainzuri ikastetxearen atarian jarriko dituzten makinetara joan ahal izango dira poltsak behar dituztenean. Erabiltzaileek poltsak hamar astean behin jaso ahal izango dituzte.
Birziklapenaren astea
Egitaraua, urriak 14-19
- Organikoaren bilketa. Ontzi marroia erabiltzeko izena eman ahal izango da. Giltza, ontzi marroia eta poltsa konpostagarriak banatuko dituzte Urretxuko eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan. Astelehenean, asteartean nahiz ostegunean (16:30-19:30) eta asteazkenean zein ostiralean (09:30-12:30).
- Beira bilketa. Bi eskulan tailer egingo dituzte: beirarekin txapak egiteko eta beirazko pitxiak egiteko. Zumarragan, larunbatean (10:30-13:30) Klara Larrañaga parkean eta Urretxun ostegunean (09:30-12:30) Gernikako Arbola plazan.
- Patxin eta Potxin pailazoak. Birziklatzea erraza da kale ikuskizuna. Areizaga-Kalebarren plazan, ostiralean (18:00).
Birziklapenaren Asteari buruzko informazio gehiago bihar, Goierriko Hitzan
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide