Memoriaren beka idazketa fasean dago
Zumarragako Udalak bultzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin; liburua argitaratuko dute
Zumarragako Udalak Memoriaren beka atera zuen aurreko urrian. Maialen Aranguren eta Ana Peña historiagileak izan ziren bekaren onuradunak eta Antonio Prada Zumarragako artxibozaina gehitu zitzaien ondoren. Martxoan lana amaitutzat emango dute eta emaitza aldundiari emango diote. Orain, materialak jaso eta gero, idazketa fasean daude. Bekaren aurkezpena egin zutenean Antonio Prada agirizainak aurreratu zuen memoria historikoa ardatz hartuta, sasoi hartako Zumarragaren «argazki orokorra» eman nahi zutela. Ikerketa bi zatitan banatu dute. Lehenengo zatian Errepublika garaia aztertu dute eta atal hau Pradaren hitzetan, «amaituta dago». Bigarren zatia 36ko gerratik Francoren diktaduraren amaierara arte doa. Memoria historikoari dagokionez, ikertutako materialean «aurkikuntzak» egin dituztela esan du Pradak: «Agintariak nolakoak ziren, zer egin nahi izan zuten eta haien erantzukizun politikoen eta ekonomikoen berri ere jaso dugu». Xehetasunak argitaratuko duten libururako utzi ditu agirizainak.
Informazio gehiago bihar, Goierriko Hitzan
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide