Hiru gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan lapurretagatik
Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu asteburuan, ustez, Urretxuko landa lur batean materiala lapurtzea egotzita. Ustezko bi lapurrak landa lurretik ateratzen ari ziren unean harrapatu zituen lur jabeak, une horretan gizonetako batek jabea erasotu zuen.
Usteko lapurreta larunbat arratsaldean gertatu zen, eta jabeak Ertzaintzari jakinarazi zion, senitarteko batek landa lurraren inguruan auto susmagarri bat zegoela esateko deitu eta gero. Ertzaintzak 42 eta 18 urteko bi gizonezkoak atxilotu zituen beranduago. Jakinarazi dutenez, biak aurrekariak dituzte eta atxiloketaren ostean epailearen eskuetan geratu da kasua.
Baina ez da asteburuan Ertzaintzak Urretxun egin duen atxiloketa bakarra izan. Igande goizaldean beste gizonezko bat atxilotu zuten, herriko okindegi batean lapurreta egitea egotzita. Bizilagun batek deitu zien ertzainei bi gizonezko okindegian lapurretan zebiltzala jakinarazteko. Ertzaintza gertaeraren lekura iritsi zen unean, ustez lapurretan zebilenetako batek ihes egitea lortu zuen, baina Ertzaintzak 21 urteko beste gizonezkoa atxilotzea lortu zuen. Esan dutenez, okindegiko kristalezko atea puskatuta zegoen. Atxilotuak aurrekariak ditu, eta une honetan epailearen erabakiaren zain dago.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide