Aurten txapelketaz txapelketa ibili dira Uxue Kerejeta (Zumarraga, 1999) eta Andoni Oruesagasti (Zumarraga, 1998). Zaldibarko finalean bigarren postua lortu dute.
Noiz hasi zineten trikitixa eta panderoa jotzen, eta zergatik?
Uxue Kerejeta: Trikitixa jotzen zazpi urterekin hasi ginen, musika eskolan, eta panderoa hamar batekin. Niri familiatik datorkit zaletasuna. Familiako inork ez du jotzen, baina aitonari gustatu egiten zitzaion, eta entzuteko jartzen zidan.
Andoni Oruesagasti : Niri ez dakit nondik datorkidan zaletasuna, nire etxean ez baita trikitixarik entzuten. Amak esaten du kontzerturen bat entzunda gustatu zitzaidala.
Bikotean jotzen noiz hasi zineten, eta nola moldatzen zarete?
A. O.: Orain dela hiru bat urte hasi ginen, eta ondo moldatzen gara; gaizki ez behintzat. Eitzagako festetan jo genuen batera lehenengo aldiz, eta gero Aginagako jaietan.
Zer behar da trikitilari bikote bat ondo koordinatzeko?
U.K.: Elkarrekin ongi konpontzea eta konfiantza edukitzea.
A.O.: Bai, erlazio ona izatea. Hori oinarri modura izanda, errazagoa da ongi moldatzea. Ezagun batekin beti gusturago jotzen duzu.
Batera jotzen hasi zinetenetik asko hobetuko zenuten, ezta?
A.O.: Hasieran desastre samarra izaten zen. Ez geunden ohituta bikotean jotzera. Ordura arte beti talde handitan jotzen genuen, musika eskolako kideekin. Bat batean mikrofono bat jartzen dizute zuri bakarrik, eta gauza asko aldatzen da.
Eta txapelketetan jotzen noiz hasi zineten?
U.K.: Iaz, Zaldibarren egiten den Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketan parte hartu genuen. Gure lehenengo txapelketa izan zen, eta seigarren postua lortu genuen.
A.O.: Iazkoa lehenengo aldia zenez, nerbioak pasa genituen. Aurten lasaiago joan gara.
U.K.: Aurretik izaten dira nerbioak, baina oholtzara ateratzeko kalejira jotzen hasten garenean pasatzen dira.
Aurten, txapelketa berean, bigarren geratu zarete. Gustura?
A.O.: Bai, ez genuen espero. Sorpresa izan da guretzat. Euskal Herri mailako txapelketa da, garrantzitsuenetarikoa, beraz, guretzat balioa du bigarren egiteak.
Zein pieza jo zenituzten Zaldibarren?
A.O.: Lau pieza jo behar izaten dira: fandangoa, arin arina, trikitixa eta porru salda. Edurne Iturberen laguntzarekin prestatzen ditugu piezak.
Zein da zuei hoberen ateratzen zaizuena edo gehien gustatzen zaizuena?
U.K.: Trikitixa eta porrusalda; abestu egiten dugu, eta beste grazia bat izaten du. Gainera, abesteak tentsioa kentzeko ere balio du; lasaiago jotzen dugu.
A.O.: Eta atseden hartzeko aukera ere ematen du abesteak. Arin arina eta fandangoa dena jarraian jo behar izaten da, eta neketsuagoa da.
Zer baloratzen da trikitilari txapelketetan?
U.K.: Gauza asko. Zailtasuna, bikotearen arteko koordinazioa eta trikitixaren garbitasuna, akatsik ez egitea… Abestea ere, pentsatzen dut, zerbait baloratuko dutela epaimahaikideek; behintzat, ongi kantatuz gero, inpresio hobea egingo die.
Zaldibarrekoaz gain, zein txapelketatan parte hartu duzue?
A.O.: Maiatzean hasten da denboraldia, eta Getarian, Orion, Elorrion eta Zeanurin izan gara. Gehiago ere badaude, baina ez gara denetara joan, noski. Getarian eta Elorrion ere bigarren geratu ginen. Momentuz ez dugu irabazi, baina ez goaz intentzio horrekin ere. Ondo pasatzeko jotzen dugu.
Nola prestatzen dituzue txapelketak?
A.O.: Lehenengo bakoitzak bere aldetik entseatzen du, eta hiruzpalau aste falta direnean hasten gara batera entseatzen. Astean hiru bat aldiz elkartzen gara, eta azkeneko astean ia egunero.
Zer duzue nahiago, txapelketetan jotzea ala erromerietan?
U.K.: Nik erromerietan. Presio gutxiago dago, eta gehiago disfrutatzeko aukera dugu. Txapelketetan lau edo bost epaile dituzu zuri begira, akatsen bila.
A.O.: Txapelketak, hala ere, ikasteko balio du. Eta lagunak egiteko ere bai, beste trikitilari batzuk ezagutzeko.
Trikitixaren munduan erreferenterik badaukazue?
A.O.: Gure erreferente nagusia Edurne Iturbe da. Irune eta Itsaso Elizagoien ahizpak ere bai.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.