Aurreko urteko maiatzean, SOS Siria Urretxu-Zumarraga taldeak material bilketari ekin zionean, bildu beharrekoen zerrendan mantak sartu zituzten. Orduan, Mari Karmen Biedmaren ekimenez Siriara bidaltzeko mantak trikotatzeari ekin zioten hainbat emakumek; bakoitzak manta zati bat ehundu eta zatiekin mantak osatu. Julita Telleria denda izan da eskuz egindako manta bilketaren jomuga. Amaitu berri den kanpainan ere aritu dira eta Mairi elkarteko kideek egindako mantak batuta, 40 bat trikotatu dituzte Siria bidean jartzeko.
Nerea Mendizabal, Julita mertzeriaren jabe eta SOS Siria Urretxu-Zumarraga plataformako kideak esan duenez, «ez diogu utziko mantak egiteari, izan ere dendan mantak ikusgai jarri ditugu eta jende askok prezioa galdetu digu. Beharbada, aurrera begira mantak trikotatu eta salgai jarri ditzakegu. Manta hauek pisu asko hartzen dute eta, maitasun handiz eginda badaude ere, akaso ez dira bidaltzeko oso praktikoak». Mantak salgai jarri eta bilduko luketen diruarekin beharrezkoagoa gerta daitekeen materiala erosteko aukera aztertu nahi dute SOS Urretxu-Zumarraga elkarteko kideek.
Mendizabalek agertu duenez, «aspaldiko ohitura da laguntza emateko jostea». Julita mertzeriara eskuz egindako kotoizko bendak eramaten dituzte oraindik ere, legenardunentzat.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide