Ainhoa Sanzek (Urretxu, 1989) Gipuzkoako kros txapelketa irabazi zuen igandean Lasarten. Mendiko lasterketetan ere parte hartu nahi du eta ‘Gailurra Xtreme’ saioko protagonistetako bat da.
Noiz eta nolatan hasi zinen atletismo munduan?
10-11 urte nituela hasi nintzen. Nire anaiak atletismoa egiten zuen eta kirol hori probatzea erabaki nuen. Hasiera batean atletismoa eta eskola kirola uztartu nituen. Asteburutan krosetara joaten ginen eta oso ondo pasatzen nuen. Pistan ere aritu naiz (distantzia ertain eta luze ia guztietan), baina ez dut oso gustuko. Dagoeneko ez naiz pistan lehiatzen.
Zeintzuk dira zure lorpen nagusiak?
3.000 metro oztopodunetan eta 5.000 metrotan Espainiako txapelduna izan nintzen, gazte mailan. Bestalde, atletismo federazioak antolatu zuen Europako mendiko lasterketa txapelketan hirugarren egin nuen. Ez zen ohiko mendiko lasterketa izan, bigunagoa baizik. Krosari dagokionez, Euskadiko txapelketa bi aldiz irabazi dut. Gipuzkoakoa askotan irabazi dut. Ez dakit zenbat aldiz.
Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Hilaren 11n Euskadiko kros txapelketa dugu Amurrion. Oso gustura nabil eta irabazi dezakedala uste dut. Eguraldiak eta zirkuituaren egoerak lasterketa asko baldintzatuko dute.
Nolako eguraldia eta zirkuitua atsegin dituzu?
Ibilbide gogorrak gustatzen zaizkit: lokatzarekin eta aldapekin. Eguraldiari dagokionez, bigundu egin naiz: hotza pasatzea ez zait batere gustatzen.
Mendiko lasterketaren batean parte hartzeko asmoa duzula esan izan duzu.
Hala da. Goierri Kopa Traileko probetan gustura parte hartuko nuke, baina kros denboraldi bete-betean gaude. Hori dela eta, kros denboraldia amaitutakoan izan beharko da. Apirilean edo maiatzean.
Zer moduz moldatzen zara jaitsieretan?
Ez naiz oso abila. Teknika landu beharra dut. Gainera, gaizki jaisteak bizkarreko mina eragiten dit. Kontuz ibili beharra dut.
«Mendiko lasterketa batean parte hartuko dut, kros denboraldia bukatutakoan»
‘Gailurra Xtreme’ telebista saioan parte hartu duzu. Zer moduz ikusi duzu zure burua telebistan?
Nire burua arraro ikusten dut. Oraingoz dena oso polita ageri da, baina hurrengo saioak ezberdinak izango dira beharbada. Izan ere, nekea, haserreak… azalduko dira.
Ikusleek kalean gelditzen al zaituzte?
Bai. Askok saioa astero ikusten dutela esan didate. Pirinioetan sartu ahala, irudiak politagoak izango dira.
Krosa kirol gogorra da eta 18 urte daramatzazu lehian. Luzaroan jarraitzeko asmoa duzu?
Ez dut atletismoa uzteko asmorik. Txikitatik egiten dudan zerbait da. Ordu bat niretzako bakarrik. Eguneko nire momentua. Haserreak botatzeko aukera. Baita gozatzeko unea ere. Atletismoak bete egiten nau. Beharbada egunen batean utzi egin beharko dut, baina oraingoz jarraitzeko asmoa dut.