Martxoaren 8aren bezperan, Goierriko hainbat herritan emakumeak bazkaltzeko elkartu dira. Hala egin dute Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko emakumeak. Adin tarte ezberdinetako 50 bat lagun elkartu dira, Urretxuko udaletxearen atarian, ikasleak, emakume langileak eta pentsiodunak, besteak beste.
Bazkarian parte hartu duenetako bat Arantxa Corrales izan da. Gogoratu du duela 40 urte hasi zirela Urretxu eta Zumarragan, beste hainbat tokitan bezala, martxoaren 8a ospatzen. “Garai hartan, emakume langileen eguna zen”, esan du. “15 bat emakumek osatzen genuen asanblada eta dibortziaren alde, abortoaren alde, askatasun sexualaren alde borrokatu” zuten besteak beste. Asanblada hura duela urte asko desagertu zen baina hazia hortxe geratu da eta orain, lekukoa hartuta datoz indartsu. Gaur elkartu diren pertsonak ikusita “oso pozik” agertu da, “belaunaldi, sentsibilitate eta herrialde desberdinetako emakumeak elkartu” direlako.
Koordinadora Feministako kidea da Janire Hidalgo eta bera ere bazkarian izan da. Gaur, martxoak 7, eta bihar, martxoak 8, “ondo bereizi” nahi izan ditu. Gaurkoa, “emakumeak elkartu eta festarako eguna” dela esan du. Biharkoa berriz, “herritar guztiek parte hartzeko eguna da”. Ekintza ugari antolatu dituzte eta horien bidez, emakumeen aldarriak kalera aterako dituzte.
Goierrin izango diren ekintza eta mobilizazioak
hemen.