Europako Parlamentuan lan egiten duen Jon Altolagirre urretxuarrak astero testu bat idatziko du Otamotzerako. Horra hor aste honetakoa.

Auzoaz
Egunerokoan murgilduta bizi izan gara orain arte, aurrera eta atzera, ondoan zer eta nor genuen erreparatzeko ia betarik hartu gabe. Konfinamenduak, ordea, gure bizitzak pause moduan jartzera behartu gaitu, eta horrek, ezinbestean, ondoan nor dugun konturatzea ekarri digu. Bat-batean, leihotik leihora, balkoitik balkoira gurutzatu ditugu begiradak, eta ordura arte kaleetako figurante hutsak ziruditenak, eguneroko pertsonaiak bihurtu dira. Egiari zor, Bruselan ez da Euskal Herriko girorik, egun zehatz eta gertakari jakinetan soilik atera gara osasun arloko profesionalei txalo egitera, eta zer esanik ez, hemen ez da kantari, musikari edo dj-ik izan arratsaldeak eta gauak girotu digunik. Argi dago beste izaera batekoa dela bertan bizi den herritarra.
Bruselak, munduko hainbat hirik moduan, barruti ezberdinetan banatuta ditu tokiko erakundeak, zehazki, 19 dira nederlanderaz gemmeente edo frantsesez communes-ak direlakoak. Ni bizi naizenak, Saint-Joose-ten-Noode-k, hainbat neurri jarri ditu martxan, hala nola, saltoki txikiei segurtasun neurriak hartzeko beharrezkoak diren bitartekoak eskaini dizkie eta behin-behinean udal zergak ez ordaintzeko aukera eman die. Herritarren sare bat ere abian da, bakarrik bizi diren adinekoak artatzea helburu duena, erosketak egin eta, lagun horiei bakartasuna eta konfinamendua arinago gerta dakien, etxez etxeko bisitak egiten dituena. Azpimarratzekoa da, halaber, jatorri aniztasun handikoa dela auzo hau, eta horrelako ekimenek auzotarren arteko ezagutza eta elkartasuna areagotzen dute, aurreiritziak uxatu eta komunitate bateko parte izatearen sentimendua sustatzeaz gain.
Martxoa hasieran Jule Goikoetxea filosofo eta EHUko irakaslea izan genuen Bruselan, feminismoari buruzko konferentzia batean. Besteak beste, berak aipatzen zuen auzoak izan beharko lukeela lehen gune politikoa (udalaren, erregioaren edo estatuaren aurretik), herritarrak ahaldundu eta herritarren benetako beharrei erantzungo diena. Hitz bitan: komunitatea eratzea. Balio diezagula krisi honek komunitate sare ikusezin horiek indartzeko, herritarrak babestu eta auzo kohesionatuagoak sortzeko.