Joxan Goikoetxea akordeoilariak Euskamerata taldearekin joko du. Letek prest utzitako bi kanta estreinatuko dituzte. Gaur da gonbidapena eskatzeko azken eguna.
Larunbatean Antioko Musikaldiaren 37. edizioa izango da. Lehen kontzertua Joxan Goikoetxea akordeoilariak eta Euskamerata boskoteak egingo dute. Joxe Mari Iparragirre eta Xabier Lete omenduko dituzte, Iparragirre eta Lete: bi min kantuan izenburua duen emanaldian. Aurten Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena da eta Leteren heriotzaren hamargarrena.
Goikoetxea izan da omenaldiaren bultzatzailea. «Aurten bi gonbidapen berezi jaso ditut: Donostiako Musika Hamabostaldikoa eta Zumarragakoa. Aurtengo urteurrenen inguruko zer edo zer egitea proposatu zidaten: Iparragirre, Lete, Elkano, Bello Portu… Leteren musikari eta lagun mina izan nintzenez, Leteren inguruko zerbait egitea espero zuten. Lete eta Iparragirre uztartzea proposatu nien eta ideia asko gustatu zitzaien».
Letek Iparragirrerekin lotura izan zuela gogoratu du. «1981ean ekitaldi asko antolatu ziren Urretxun, Iparragirreren heriotzaren mendeurrena zela eta: hitzaldiak, diskoak… Oso urte emankorra izan zen eta orduan egindako argitalpenak orain arte egindako garrantzitsuenak dira. Letek hitzaldietako bat eman zuen, disko batean eta komiki batean parte hartu zuen…».
Gainera, Iparragirre eta Lete gai berberen inguruan aritu ziren behin baino gehiagotan. «Abesti batean Iparragirrek Argentinako egoera oso tamalgarria dela dio eta gazteei Habanara joatea gomendatzen die. Letek, berriz, Habanera kanta egin zuen eta aurkezpenean betidanik XIX. mendeko Habanarekiko kuriositatea izan zuela aipatu zuen. Bestalde, biak arrazakeriaren aurka azaldu ziren: Iparragirre Beltzerana kantan eta Lete Ez kanta beltza abestian».
Goikoetxeak eta Euskameratak Iparragirreren eta Leteren kantak eta bizipenak gurutzatuko dituzte, Iñaki Beraetxe errezitatzailearen laguntzarekin. «Beraetxek testu batzuk errezitatuko ditu kanta bakoitzaren hasieran, baina une batzuetan ez dugu argi utziko norena den abestia, entzuleekin jolasteko».
Klasikoak entzuteko eguna
Beste autore batzuen obrak ere joko dituzte. «Ez da kontzertu konbentzionala izango. Ez da Iparragirreren eta Leteren klasikoak entzuteko eguna izango. Hori askotan egin da. Gainera, beraien inspirazio iturri izan ziren poeta eta musikariak entzuteko aukera egongo da. Gernikako Arbola ereserkira hurbiltzeko, Wordsworth poeta ingelesarengana joko dugu, adibidez. Poeta horrek The oak of Gernika (Gernikako haritza) poesia idatzi zuen Iparragirrek Gernikako Arbola konposatu baino 50 urte lehenago eta Iparragirrerentzat inspirazio iturri izan zen. Gainera, Leteren ahotsa entzungo dugu. Hainbat kanta berak aurkeztuko ditu. Bere artxiboa ondo etorri zait horretarako».
Horretaz guztiaz gain, Letek estreinatu gabe utzi zituen bi abesti aurkeztuko dituzte. «Xabier ezagutu genuenok bere lanari segida emateko obligazioa dugu. Larunbatean berak prest zituen bi kanta estreinatuko ditugu. Jacques Brel-en bi egokitzapen dira. Kontzertura joateko aitzakia polita da».
Goikoetxearen ustez, Iparragirre eta Lete Euskal Herriko bi sinbolo dira. «Biak ikono bihurtu dira. Zenbait pertsonaia ikono bihurtzen dira eta ez dakizu ondo kalitateagatik bakarrik den. Horrelako pertsonak ez dira egunero sortzen. Letek Gernikako Arbola kantari garrantzia handia ematen zion. Zaila egiten zaigu ulertzea kanta horrek sortzen zuen zirrara. Lete, berriz, pentsalari handia izateagatik bilakatu da ikono».
Iparragirre eta Lete pertsona bereziak izan ziren eta Antioko baseliza ere toki berezia da. «Lehenengoz joko dut Antion. Bertan jotzeko gogo bizia dut. Ikuskizun hau Antion estreinatzea oso berezia da. Dagoeneko bizpahiru aldiz egon naiz bertan kontzertua prestatzeko. Tokia oso ederra da. Zirraragarria».
Larunbatean 19:30ean kontzertura joan nahi dutenek gonbidapena eskatu behar dute Zelai Arizti kultur etxean. 943 72 91 54 telefonora deitu behar da edo kultura@zumarraga.eus helbide elektronikora idatzi. Gaur da horretarako azken eguna.