Urretxuko eta Zumarragako ikastetxeak ere martxan jarri dira. Gainzuri, UZ Ikastola eta La Salle-Legazpi ikastetxeetako zuzendariek lehen aste hauetan bizitakoaren berri eman dute.

Hamaika segurtasun neurrirekin bada ere, Urretxuko eta Zumarragako ikastetxeek ere ateak zabaldu dituzte azkenean. Hiru ikastetxeetako zuzendariek hartutako neurriez, lehen eskola egunez eta etorkizunaz hitz egin dute.
Koronabirusa dela eta, haurrak ahalik eta gutxien nahastea komeni da. Hori dela eta, sarrera eta irteerak mailakatuak izaten ari dira. «Ordutegi bat jarri dugu. Oso ondo funtzionatzen ari da», aipatu du Nerea Urkiola Gainzuriko zuzendariak.
Irteerari dagokionez, larrialdietarako protokoloa erabiltzen ari dira. «Gelaz gela irteten gara. Zazpi minututan ikastetxea husteko aukera ematen zigula konturatu ginen eta larrialdietarako protokoloa erabiltzea erabaki genuen».
Gela handiak dituztenez, ez dute espazio arazorik. «3. mailatik 6. mailara, mahaiak banaka jarrita daude. Guztiek mahai ondoan dute beraien materiala. 1. eta 2. mailakoak taldeka jarri ditugu, baina distantzia mantenduz. Hauek guztiak maskararekin daude. Haur Hezkuntzakoak elkarrekin daude eta ez dute maskararik, baina materiala koarentenan jartzen dugu egunaren amaieran».
Irakasleentzat ikasleentzat baino gogorragoa izaten ari dela uste du. «Diziplina haurren naturaltasunaren aurka doa, baina gustura ikusten zaie. Izan ere, sekulako gogoarekin hasi dira. Haurren arteko giroa inoiz baino hobea dela nabaritu dugu».
Gainera, oraindik ez dute gelarik itxi behar izan. «Haurren artean ez da positiborik egon, baina antolaketa oso zaila izaten ari da. Positibo batekin harremanetan egon dena etxean gelditu behar da. Hori dela eta, egunero langileren bat falta izan da. Atzo arratsaldean bik ez zirela etorriko esan ziguten, gaur beste bik… Hala, ez da erraza egunerokoa aurrera ateratzea».
Hori guztia dela eta, ikasturtea oso gogorra izango dela uste du. «Haurrak ezin ditugu bakarrik utzi, baina irakasle batek ezin ditu bi gela hartu. Egunen batean umeak zaintzeko jenderik gabe gelditu gaitezkeela uste dut. Beldur horrekin lan egiten ari gara, ez baitakigu egoera horri nola egingo diogun aurre. Delegazioari laguntza talde bat sortzeko eskatu diogu, bat-bateko beharrei erantzuteko. Baliabide pertsonalak behar ditugu».
Horrek guztiak hezkuntzan eragina izango duela uste du. «Eguneko programazioa une askotan eten egin beharko da. Gure helburua nola hala ekainera iristea da. Etenak egongo direla badakigunez, berriro online lan egiteko prestatzen ari gara. Udaberriko esperientziak hobeto egiteko balioko du».
Urretxu-Zumarraga Ikastolan ere sarrera mailakatua izaten ari da. Ikastolakoek LHko ikasleak herriko toki ezberdinetan jasotzea erabaki zuten. Gelaka elkartzen dira eta ondoren ikastetxera joaten dira. Haur Hezkuntzakoak, berriz, gurasoek eramaten dituzte. Gainontzeko ikastetxe guztietan bezala, ate guztiak erabiltzen ari dira. Irteerari dagokienez, ikastolakoak ere larrialdietako protokoloa erabiltzen ari dira. «Aspaldiko garaietara itzuli garela dirudi, denak lerroan jarrita… Baina hori tokatu zaigu eta hori kudeatu beharra dago», aipatu du Montse Alkorta zuzendariak.
Ikastetxe barruan ere hainbat neurri hartu dituzte, noski. «Gelen arteko interakzioa desagertu egin da. Hori izan da aldaketa nagusia. Berreskuratuko dugula pentsatzen dut. Gure asmoa gelatik mailarako jauzia egitea da, baina pandemiaren garapenak aginduko du».
Ikasturte gogorra izaten ari dela dio. «Une oro segurtasun neurriak ditugu buruan. Hilabete asko daramatzagu gai honekin, urduritasun handia dago, familien artean sentsibilitate ezberdinak daude… hori guztia kudeatzea ez da erraza» .
Gainera, dagoeneko intzidentzia bat izan dute. «LH4ko gela bat etxean dago ikaskide batek positibo eman zuelako. Ondo bidean, astelehenean itzuliko dira. Zoritxarrez, horrelako asko kudeatu beharko ditugu ikasturte honetan».
Urkiolari bezala, irakasleen bajek beldur gehiago ematen diote. «Hori kudeatzea zailagoa izango da guretzat. Ordezkoak bilatu beharko ditugu eta ez da erraza. Ikastolen gastuak ikaragarri handitu dira (garbitasuna, materiala, zerbitzuen errefortzua…) eta laguntzarik ez dugu. Ikastolen Elkartea Hezkuntza Sailburu berriarekin harremanetan dago eta ea zer datorren hortik».
Honek guztiak hezkuntzan eraginik ez izatea espero dugu. «Ezusteko handirik gertatzen ez bada, helburuak lortuko ditugula uste dut. Konfinamenduan asko ikasi genuen eta konfinatuta dauden ikasleek lanean jarraitzen dute».
La Salle-Legazpin ere gogor lan egiten ari dira koronabirusari aurre egiteko. Oraingoz, gela guztiak zabalik dituzte. «Irakasle batek positibo eman zuen eta LH1, 2 eta 3ko ikasleek ikasturtea apur bat beranduago hasi zuten. Ikasle batzuek PCR probak pasa behar izan dituzte, baina inork ez du positibo eman eta gela guztiak zabalik ditugu. Dena den, denbora kontua izango da. Ikastetxe guztietan intzidentziak izango ditugu», esan du Daniel Azurmendi zuzendariak.
Neurriak
Halako gutxi egon daitezen, hainbat neurri hartu dituzte: sarrera mailakatua da, sartu aurretik tenperatura hartzen diete, egunean zehar eskuak hainbat aldiz garbitzen dituzte, maskara daramate (baita behartuta ez dauden askok ere)…
Azurmendik ondo moldatzen ari direla dio. «Nire ustez, ikasleentzat guretzat baino gogorragoa izaten ari da. Bat-batean eskolara etortzeari utzi behar izan zioten eta irailean beste eskola batera etorri dira (maskarak eta abar). Zorionez, gurasoek emozionalki ondo ikusten dituztela esan digute. Guretzat ere estresagarria da, egun batetik bestera gauza asko aldatu baitaitezke».
Hezkuntza helburuak lortzeko aukera posible guztiak aurreikusi dituzte: bai eskola zabalik mantentzea eta bai etxetik lan egin behar izatea ere. La Salle ikastetxeen eta Kristau Eskolaren laguntza nabaritu dute, baina jaurlaritzaren protokoloa berandu heldu zela eta dena beraien esku utzi zuela uste du. «Egunero informazioa pasatzen diegu, baina ez dut feed-back-ik nabari».