Igandean bisita gidatua egingo dute eta ondoren alde zaharreko lau tabernetan Iparragirre pintxoa jateko aukera egongo da
Urretxuko Udalak bi ekitaldi antolatu ditu iganderako, Iparragirre 2020ren eta Ondarearen Europako Jardunaldien barne. Eguerdian bisita gidatua egingo da eta ondoren pintxo dastaketa.
12:00etan bertakoek eta kanpotarrak alde zaharra ezagutzeko aukera edukiko dute. Bisita gidatuan Iparragirreren bizitzarekin lotura duten guneak ikusiko dituzte. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute eta 3 euro ordaindu. Izena emateko 943 03 80 88 telefono zenbakira deitu behar da.
Bestalde, igande honetan eta hilaren 25ean, eguerdian, Alde Zaharreko Igande Gastrokulturalak izeneko ekitaldia egingo dute. Urretxuko alde zaharrera gerturatzen direnek bertako lau tabernetan Iparragirre pintxoa dastatzeko aukera izango dute. Pintxoa doan emango diete, edaria eskatzen duten guztiei. Gainera, lau tabernetan Iparragirreren abestiak jarriko dituzte eta Iparragirreri buruzko informazioa ikusgai egongo dira. Alde zaharreko lau tabernak Aldapa, Ezkurra, Goiko Kale eta Navarro dira.
Argazkietan aipatutako tabernetan jarri dituzten panelak ikus ditzakezue. Gainera, Iparragirreren irudi bat ere jarri dute. Ez dira gutxi izango berarekin argazkia aterako dutenak!