Zelai Ariztiko Butak21 zineklubeko saioaz gain, Zinetxiki jaialdiko film laburrak ere ikusgai izango dira Labeagan.

Datozen egunetan haurrentzako eta helduentzako zine saioak egongo dira Urretxun eta Zumarragan. Bihar ButaK 21 zineklub taldeak Ondina. Un amor para siempre pelikula emango du eta igandean, Zinetxiki zinemaldiko film laburrak emango dituzte.
Zineklub saioa Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango da, 19:00etan. Ondina. Un amor para siempre pelikulako protagonista Ondina izeneko emakume bat da. Bere bikoteak harremana hausten duenean, Ondinaren mitoa jarraitzea erabakiko du: traizionatu duen gizonezkoa hil eta uretara itzuliko da. Paula Beer-ek aktore onenari saria irabazi zuen Berlingo zinemaldian eta Europako Zine Sarietan.
Datozen bi asteetan ere zineklub emanaldiak egongo dira. Hilaren 21ean Josep pelikula emango dute. Animazio film hau Francoren diktaduratik ihesi Frantziara joan eta kontzentrazio esparruetan sartu zituztenei buruzkoa da. Animazio film onenari saria irabazi zuen Europako Zine Sarietan.
Bukatzeko, hilaren 29an For Sama dokumentala emango dute. Protagonista Siriako gerra pairatzen ari den ama gazte bat da. Pelikula honek dokumental onenari saria irabazi zuen Europako Zine Sarietan.
Zinema komertziala
Zelai Arizti aretoko asteburuko eskaintza, ohiko saioek osatuko dute. Larunbatetik astelehenera, 19:00etan, El inconveniente filma izango da ikusgai. Umeentzako saioan, berriz, Los Croods: Una nueva era filma emango dute, larunbatean eta igandean, 16:45ean.
Zinetxiki Labeagan
Bestalde, igandean, 17:00etan, Zinetxiki zinemaldiko film laburrak emango dituzte Urretxuko Labeaga aretoan, Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatuta. Emanaldi hau 7 urtetik gorako haur eta familientzako da.
Emanaldiak 50 minutu inguruko iraupena izango du eta herrialde ezberdinetako bederatzi film labur emango dituzte.
Urretxuko Udalaren eta Zumarragako Zelai Arizti kultur etxearen Facebook-etan Zinetxiki zinemaldiko film laburrak ikusteko sarrerak zozkatuko dituzte. Zozketan parte hartzeko, berriari atsegin dut dut eman behar zaio eta partekatu egin behar da. Bi sarrera bikoitz zozkatuko dituzte. Zozketa gaur izango da, 13:00etan.