Kaminpeko galdategia Orbegozo (ondoren ArcelorMittal) enpresaren ikur nagusia izan zen. 2016. urtetik itxita dago, baina Urretxuko Udala enpresaren bat bertara erakartzeko eta instalazioak berriro irekitzeko lanean ari da.
Urretxu eta Zumarraga Orbegozo enpresaren eskutik hazi ziren, batez ere. Enpresa honetako lanpostu gogorrenak Kaminpeko galdategikoak ziren. Bizilagun guztiek zekiten non zegoen Kaminpe eta zer egiten zen bertan. Eguneroko solasaldietan ere bere tokia izaten zuen: istripu bat zela, Aparizio auzoko bizilagunen kexak zirela… Urretxun eta Zumarragan infernuaren antza zuen tokirik bazen, hori Kaminpe zen. Orbegozo enpresa Marcial Ucinen eskuetara pasa zen, Ucin Aceraliaren eskuetara, Aceraliak Arcelor sortu zuen, Arcelor Mittalekin elkartu zen eta 2016an ArcelorMittalek Zumarragako lantokia itxi zuen. Sua itzali egin zen, baina Urretxuko Udala pabiloiei probetxu ateratzeko lan egiten ari da. Telleria enpresa Irimora joatea eta Sarralde Sprilurri saltzea lortu ondoren, hurrengo helburua Kaminpeko ateak enpresaren bati irekitzea da. Dagoeneko batzuekin hitz egin du.
Historia
Izan ere, Kaminpe Urretxun dago. Orbegozok 1929tik aurrera eraikitako pabiloi gehienak Zumarragan daude, baina galdategi hau Urretxun eraiki zuen 1970eko hamarkadan. Urte oparo haietan, Orbegozon denetik egiten zen: sukaldeak, ur-berogailuak, bainuontziak,iturgintzarako osagarriak, tutuak, autoentzako txapa… Geroz eta labe handiagoak eta modernoagoak behar ziren. Hasieran kokez zebilen labea erabiltzen zuten, ondoren tximinia erraldoiak zituzten Siemens labeak eta azkenik Kaminpe eraiki zuten izen bera zuen baserria zegoen tokian.
Siemens labeek fuel oila erabiltzen zuten eta ekoizpena ez zen oso handia. Kaminpeko labe elektrikoek ahalmen handiagoa zuten eta elektrizitatea erabiltzea merkeagoa zen.
Orbegozok garai oparoak bizi zituen eta bi edo hiru urtean behin labe handiago bat instalatzen zen. Lehenengoak 15 tona ekoizten zituen orduko eta jarri zuten azkenak 160. Abadiñotik zetorren goi-tentsioko lineatik 220.000 volt hartzen zituzten eta 38.000ra pasatzen zituzten lantegiaren zentralean. Bost errelebotara lan egiten zuten, Kaminpe beti martxan egon zedin. Garai hartan 120 pertsona inguruk lan egiten zuten bertan. Teknologia punta-puntakoa zen eta dena automatizatua zegoen. Kaminpen instalatu zuten azken labeak Boeing 747 hegazkinak aleroietan dituen balbulak bezalakoak zituen.
Arriskua
Kaminpen txatarra urtzen zuten eta ondoren altzairu totxoak egiten zituzten. Totxo hauek ijezketa trenera eramaten ziren. Lan zikina eta zaratatsua zen. Baita arriskutsu samarra ere. Garabilariek kontu handiarekin lan egin behar zuten, saskiak 40 tonakoak baitziren. Eta txatarra 1.600 gradutara urtzen zen. Labeak urarekin hozten ziren eta altzairu likidoa bustita dagoen toki batera erortzen bada sekulako eztanda sortzen da.
Kaminpen hainbat istripu egon ziren. Gainera, kutsadurak eta zaratak ere buruhauste asko eman zituzten. Aparizio auzoko bizilagunak ziren kaltetu nagusiak. Urretxuko Udala bizilagunen ongizatearen alde borrokatu zen eta ke-erauzgailuak jartzea eta zarataren aurkako murru bat altxatzea lortu zuen. Kaminpe itxi zenetik, Aparizioko bizilagunak lasaiago bizi dira. Gainera, udalak auzoa txukundu du eta fatxadak margotzen lagundu die. Orain enpresaren bat Kaminpera erakartzeko lan egiten ari da. Jarduera garbiagoa izango da. Su handirik gabekoa.