Sei erlojupeko egingo dituzte, hiru errepide tartetan. Goierriko bi erlojupekoak, Gabiria eta Zegama artean egingo dira. Zumarragan izan da pasabideko kontrola. Lazkaon izango da sari banaketa eta amaiera, 20:30etik aurrera. Emaitzak, iluntze partean.

Goilurrak rallyaren hirugarren ekitaldia iritsi da Goierrira. Lazkaoko Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek antolatu dute proba. Euskal Herriko denboraldiko hirugarren rallya da Goilurrak, Lea Artibai eta Fiteroren ondoren.
Azkoitian abiatu da auto lasterketa proba, goizean, eta aurretik, sei erlojupeko, hiru errepide tarte desberdinetan. Goizeko bi sektoreak iazko berdinak izan dira: Endoia eta Azkarate. TC1 eta TC3 erlojupekoak Endoian barrena, Zestoatik Madariagara (14,61 km aldiko). TC2 eta TC4, aldiz, Azkarate gainetik abiatu, eta baserri-bide batzuetan barrena Elgoibarreraino (12,75 km).
Goierrin, eguneko azkeneko bi erlojupekoak jokatzen ari dira jada. Berrikuntzekin ere badator gainera; Gasogas deitu duten ibilbide luzea estreinatuko baitute, TC5 eta TC6 zatiak lehiatzeko. 19,45 kilometro luzeko bidea da, eta bi pasaera horiek eskakizun maila handia izango dute, probaren amaieran. Ibilbide hori Gabirian hasiko dute, Korta jatetxea baino goragotik, bihurgune bikoitzaren inguruan, Gabiriako Rallyesprintaren zirkuituan, beraz. Troiko meategietatik Aztiriko errepideraino igoko dira, Mutiloako Ergoena aldera. Zerainera jaitsi, eta Otatzan Barbariko auzo-bidea hartuko dute, Zegamako beheko bidegurutzean bukatzeko. Bi erlojupekoak hasi aurretik, pasabideko kontrola Zumarragako Euskadi plazan izango dute partaideek.
Denera, erlojuaren aurka 93,62 kilometro dira, lotuneak ere kontuan hartuta 244,34 kilometro.
Rallyaren amaiera, Lazkaoko Euskadi plazan egingo dute; han banatuko dituzte sariak, 20:30ean. Eguneko emaitzak beraz, 20:30etik aurrera.
Bitartean, hona hemen, Zumarragako pasabideko kontroleko irudiak: