Bihar eta etzi finalerdiak jokatuko dira eta hilaren 25ean finala. Partidak 11:00etan izango dira. Ikusleak Beloki pilotalekura itzuliko dira, 16 hilabeteren ondoren

Asteburu honetan eta hurrengoan Euskal Herriko Eskuzko Herriarteko Txapelketa jokatuko da Zumarragako Beloki pilotalekuan. Larunbatean eta igandean finalerdiak jokatuko dituzte eta hilaren 25ean, finala. Partida guztiak 11:00etan jokatuko dira, ikusle eta guzti.
Txapelketa atzo aurkeztu zuten, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakariak, Aitor Erauskin kirol zuzendariak eta eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.
Erauskinek eman zuen partiden berri. Txapelketa honetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herriartekoak irabazi dituzten herriek parte hartzen dute, baina aurten Nafarroako herriarteko txapelketa ez denez antolatu, 2019an Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen taldeak jokatuko du Nafarroako ordezkariaren ordez. Zeanurik, hain zuzen ere.
Finala, telebistan
Lehen finalerdia bihar jokatuko dute, Azpeitiak eta Amurriok. Bigarrena, berriz, igandean jokatuk da: Zeanuriko ordezkariak Lezamakoen aurka arituko dira. Finala hilaren 25ean jokatuko da eta telebistaz zuzenean jarraitu ahal izango da, ETB4 katean.
Serranok gogorarazi du Zumarragak Gipuzkoako herriartekoa bi aldiz irabazi duela. Aurtengo irailean bigarren garaipenaren 50. urteurrena beteko da, gainera. Zumarragak 2 eta 1 irabazi zion Zestoari, Zarauzko Zinema frontoian jokatu zen finalean. «Zumarragak toki garrantzitsua du pilotaren historian eta Federazioarekin harreman estua dugu. GRAVN txapelketaren finala ere Zumarragan jokatuko da, irailaren amaieran. Ea Zumarragak pilotan izan zuen indarra berreskuratzen duen».
Enbilek eskerrak eman zizkion Zumarragako Udalari, Federazioarekin eta afizionatu mailako pilotarekin duen konpromisoagatik. «Gure babesle nagusiak udalak dira eta laguntza hau eskertzekoa da. Oso gustura etortzen gara Zumarragara. Pilotaleku ona da eta pilotariak ere gustura etortzen dira». Jendeari frontoira joateko gonbita luzatu nahi izan dio Enbilek: «ea partida onak ikusteko aukera izaten dugun».