Bigarren postuan dago eta 21 urte azpikoen artean onena da
Madrilgo itzuliko laugarren etapa egin dute gaur. 23 urte azpikoen lasterketa honetan Xabier Isasa (Laboral Kutxa) txirrindulari urretxuarra parte hartzen ari da. Hirugarren etaparen ondoren lider jarri zen, baina gaur liderraren maillota galdu du. Sailkapenean bigarren postuan dago (21 urte azpikoen artean, onena). Bihar azkeneko etapa egin dute. Mendiko etapa izango da eta maillota berreskuratzeko aukera izango du.
Gaurko etaparen ondoren, Basso Team Flanders taldeko Maris belgikarra da liderra. Isasa 21 segundora dago. Hirugarren postuan Basso Team Flanders taldeko Claeys dago (41 segundora), laugarrenean Lizarte taldeko Castrillo (49 segundora) eta bosgarren postuan Globalia Artes Graficas taldeko Dominguez (50 segundora).
Gaurko etaparen ondoren, Isasak eskerrak eman dizkie taldekideei. “Lasterketa zoroa izan da, hasieratik. Ez dugu ihesaldian inor sartzea lortu eta 10. kilometrotik aurrera lan egitea tokatu zaigu. Taldea oso indartsu dago eta oso ondo lan egin du. Taldekide batzuk ere sailkapenean oso ondo zeuden eta nire alde lan egin dute. Eskerrak eman nahi dizkiet taldekide guztiei”, esan die Isasak telebistako lankideei.