Udalerri "irisgarriagoa eta inklusiboagoa" lortzeko asmoz, autismoa duten pertsonei zuzendutako ikurrak jarri dituzte, Gautena elkartearekin elkarlanean.

Udalerri irisgarriagoa eta inklusiboagoa lortzeko helburuz, Urretxuko Udala zebrabideetan piktogramak margotzen hasi da. Udalak Autismoaren Espektroko Nahastea duten pertsonen senideen Gautena elkartearekin abiatu duen elkarlanaren emaitzetako bat da ekimen hori.
Zebrabideetan margotutako lau irudiak lagungarri dira komunikazio zailtasunak dituzten pertsonentzat, bereziki autismoaren nahastea dutenenentzat.
Margoketak BM aurreko aparkalekuan, Kalerrota kalean eta Jose Mari Lasa plazan hasi dira, baina Urretxuko zebrabide guztietara zabaltzeko asmoa du udalak.
Irisgarritasuna eta inklusioa jomugan, beste ekimen batzuk landuko ditu udalak ondoren. Hala, publikoarekin lan egiten duten udal langileei zuzendutako formazio saioak egingo dituzte, udaltzaingoan, herritarrentzako arreta zerbitzuan edo gizarte zerbitzuetan, besteak beste.
Udalaren esanetan, «piktogramen margoketa aniztasuna bistarazteko eta udalerria urretxuar guztientzat egokitzeko proiektuaren beste pauso bat da».