Enpresaren lursailetara kalitatezko lanpostuak sortuko dituzten enpresa berdeak erakartzea eskatu dute
Ines Benitez Elkarrekin Zumarragako ordezkariak eta Jon Hernandez Elkarrekin Podemos IUk legebiltzarkideak prentsaurrekoa egin dute gaur Zumarragan ArcelorMittalen erosketari buruzko iritzia ezagutzera emateko. Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittali “oparia” egin diola salatu dute eta erositako lursaila kalitatezko enpleguak sortuko dituzten enpresa berdeei eskaintzeko esatu dute. “Ez dugu etorkizuneko asmoen berririk. Oraingoz EAJk kea saldu besterik ez du egin”.
ArcelorMittalek deskontaminazioa ez ordaintzea oso gaizki iruditzen zaie. “Sekulako irabaziak dituen eta ehunka familia kalean utzi zituen enpresa bati opari onartezin bat egin zaio. Zazpi miloi euro ordainduko dizkiogu Zumarragako familia asko kalean utzi zituen enpresa bati”.
EAJri gardentasun eza ere leporatu diote. “Urola Garaia mankomunitateko exekutibako kideok komunikabideen bidez izan genuen erosketaren berri. Errespetu falta iruditzen zaigu. Oso proiektu garrantzitsua da eta guztiok norabide berean egin behar dugu arraun. Horretarako, informazioa behar dugu. Hemendik aurrera gardentasun handiagoz jokatzea, emandako pausoez informatzea eta adostasuna bilatzea eskatu nahi diogu EAJri. ArcelorMittal itxi zenean gure alderdia kaltetutako familiei laguntzen saiatu zen. EAJk, berriz, ez zuen ezer egin lantegia eta lanpostuak mantentzeko”.