Jose Antonio Aldama (Zumarraga, 1948) pilotazale amorratua da. Igandean omendu egingo dute bere herrian, Euskal Herriko kluben arteko txapelketaren finalean.
Finala Irurtzun eta Lemoa taldeek jokatuko dute, 11:00etan. Hasi aurretik pilotaren alde lan egin duten hainbat lagun omenduko dituzte. Tartean, hiru goierritar: Zegamako Tartaloetxe klubeko Juan Mari Gereñu eta Zumarragako Beloki klubeko Antonio Elizondo (2020an hil zen) eta Jose Antonio Aldama.
Nolatan pilotazalea?
Aita pilotazale amorratua zen. Urretxuko pilotalekuko txoko txikian jokatzen zuen, lagunekin. Niri ere pilota betidanik gustatu zait. Geroz eta gehiago. Soldadutza egin eta gero hasi nintzen profesionalen arteko partidetara joaten. Beno, soldadutzara joan aurretik Altsasun profesionalen arteko partida bat ikusi nuen.
Harrezkero, partida asko ikusi dituzu.
Hala da. Askotan lagunekin eta beste askotan bakarrik. Franco hil baino egun batzuk lehenago, 1975eko azaroaren 15an, istripu larria izan nuen Bergarara bidean (Pierolak Empresas Unidasekin jokatu behar zen azken partidara bidean). Zuhaitz baten aurka jo nuen eta eskuineko hankako belaun-katilua kendu zidaten.
Hala ere ez zenion frontoietara joateari utzi.
Garai hartan ia astero Bergarara joaten ginen.
Makina bat finaletara joan zara.
Lehenengoa 1980ko buruz burukoa izan zen. Miguel Alberdik eman zidan sarrera. Retegiren final guztiak ikusi ditut. Azken hamarkadetako ia final guztiak ikusi ditut.
Gaur egun, astean zenbat partida ikusten dituzu?
Eibarrera eta Tolosara astero joaten gara. Bilbora eta Iruñeara ere sarritan joaten gara. Bolada batean Galarretara ere joan nintzen. Txato Badiolarekin. Baina gehiegizkoa zen. Gasteizen bizi den Juan Mari Irizarrekin ere askotan joan naiz pilotalekuetara. Egun Iñaki Atxunberrirekin joaten naiz. Iruñeara joaten garenean Felix Landarekin elkartzen gara.
Zein duzu gustuko aurrelaria?
Retegi, Ogeta, Oreja III, Bergarilla, Barberito ere ikusi nuen (ordurako zahartuta zegoen)… Egungoen artean, denei bezala, Altuna gustatzen zait. Aurrelari on asko daude, baina Altunak dirdira berezia du. Modalitate guztietan ondo jokatzen du eta gainera erregularrena da.
Eta atzelariez, zer diozu?
Zabaleta beste mundu batekoa da. Rezusta ere oso pilotari ona da, nahiz eta ezkertia izan. Lehen ez zegoen atzean ondo moldatzen zen ezkertirik.
Pilotaleku asko ezagutu dituzu. Zein da zure frontoi kuttuna?
Eibarko Astelena. Labrit ere polita da, baina harmailak inklinazio gutxi du eta artekariek enbarazu egiten dute.
Zein da inoiz ikusi duzun partida onena?
Final onak gutxi izan dira. Nik ikusi dudan final onena 1984koa dela uste dut: Retegik Galartzari 22 eta 21 irabazi zionekoa.
Jokoa asko aldatu da zu pilotalekuetara joaten hasi zinenetik.
Asko. Orain askoz ere azkarrago jokatzen dute. Lehen gustura ikusten genituen partidak eta orain ere bai. Pilota, azkarrago edo mantsoago, kirol ederra da.
Pilotalekuetako giroa asko aldatu al da?
Bai. Labriten, adibidez, sekulako jai giroa izaten da. Batzuetan, gehiegizkoa. Sanferminetan, bale, baina edozein egunetan hainbeste zarata jasan behar izatea…
Nola ikusten duzu pilotaren etorkizuna?
Azkarrago jokatzea ezinezkoa iruditzen zait. Negozioari dagokionez, pilota une txarra bizitzen ari da. Koronabirusak min handia egin dio. Partida batzuetan pilotalekuak bete egin dira, baina oraindik ez dago jakiterik lehengora itzuliko garen.
Pilotalekuetara joateaz gain, Zumarragan pilota bultzatu duzu.
Alejandro Albisua eta Antonio Elizondo izan ziren lan gehien egin zutenak. Alejandroren helburua Zumarragan pilotalekua egitea eta pilota elkartea sortzea zen. Laguntza eskatu zidan eta baiezkoa eman nion, noski. Zumarragan pilotaleku txukunik ez zegoenez, La Salle-Legazpi ikastetxeko pilotalekuan argiteria jarri genuen iluntzen zuenean ere entrenatu ahal izateko. Partidak Urretxun jokatzen genituen.
Nola gogoratzen duzu pilotalekua lortzeko egin zenuten lana?
Lan polita izan zen. Juanjo Sagarnak asko lagundu zigun. Bera izan zen alderdi guztiekin harremanetan jartzeko aholkatu ziguna. Nire ustez, denok gelditu ginen gustura egindako lanarekin. Baita udalekoak ere.