Urretxuko Udalak kamioi berri bat erosi du brigadako langileentzat. Zaharrak 20 urte baino gehiago ditu dagoeneko eta arazoak eman ditu.
Urretxuko Udalak iazko urte amaieran jarri zuen abian kamioia eskuratzeko prozesua, pleguen onarpenarekin. Kontratua otsailean esleitu zen, 145.200 euroan (pleguetan jaso zen kopurua baino 4.800 euro gutxiago).
Urretxuko Udalak urriaren 26an jaso zuen kamioi berria. Ordutik, udal brigadako langileak ikastaroak egin dituzte kamioia eta bere garabia erabiltzen ikasteko.
Izan ere, orain arte erabili duten kamioiak 20 urte baino gehiago ditu dagoeneko eta azken bi hamarkada hauetan teknologiak aurrerapauso nabarmenak eman ditu.
Gainera, kamioi berriaren takografoa digitala da. Takografo berria erabiltzea zailagoa da, baina elementu berriei esker udal brigadako langileek seguruago eta eraginkorrago lan egingo dute. Brigadako langileak kamioi berria erabiltzen ari dira dagoeneko. Gaur goizean Olentzero Areizaga-Kalebarrenera eramateko eta bere tokian jartzeko erabili dute.
Urretxuko Udalak kamioi zaharra Saharara bidaltzeko asmoa du.