Eskuz binaka, aurrebenjamin, benjamin, alebin eta jubenil mailetako partidak izan dira Ederrena pilotalekuan.
Gabonetan egin ohi duten bezala, aurten ere Gabon Kopa pilota txapelketa jokatu da Urretxun, Goierri kirola elkarteko pilota sailak antolatuta. Abenduaren 18an hasi eta gaur jokatu dituzte txapelketako finalak Ederrena pilotalekuan. Ezkioko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako pilota eskoletako pilotariek parte hartu dute, aurrebenjamin, benjamin, alebin eta jubenil mailetan. Guraso eta senideez gain, herritar batzuk ere inguratu dira pilotalekura partidak ikustera.
Aurreneko partida aurrebenjaminen B finala izan da, urretxuarren artekoa. Xuban Arnaiz eta Unax Madina bikotea 16-12 gailendu zaio Oihan Murua eta Mattin Saralegi bikoteari. Bigarren partidan legazpiarrak aritu dira, benjamin B mailan: Ur-Alai-Oinatzek 0 eta 16 galdu dute Eñaut-Ager-Aierten aurka. Hirugarren partida ere legazpiarren artekoa izan da, alebinen B finala, alegia. Suharrek eta Markok osatutako bikoteak 16 eta 5 irabazi du Egoitz-Oinatz bikotearen aurka.
Laugarren partida, aldiz, aurrebenjaminen A finala izan da, zumarragarren artekoa. Erostarbek eta Retak 16 eta 10 irabazi diete Ormaetxea eta Anduetzari. Urretxuko Pablo Mendizabal-Manex Cruz eta Oihan Chefrad-Oier Asurabarrenaren txanda izan da ondoren. Benjamin A finala jokatu dute eta Mendizabalek eta Cruzek irabazi dute, 16 eta 14. Azken aurreko finala Alebin A mailan izan da. Urretxuko Aratz Garmendia-Eneko Abarrategi bikotea 16-9 gailendu zaio Ezkioko Mantecon-Mendizabal bikoteari. Bukatzeko, zazpigarren eta azken partida jubenil mailakoa izan da, 22ra. Etxaniz-Izagirre bikoteak irabazi du finala Gorostidi-Plazaolaren kontra, 22 eta 9.