EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak errespetua eta jarrera aldaketa sakona eskatu diote Mikel Serrano alkateari
EH Bildu, EAJ-PNV eta Elkarrekin Zumarragak Mikel Serrano alkatearen aldetik osoko bilkura zein lan batzordeetan jasaten ari diren “etengabeko errespetu faltak” salatu nahi dituzte. Horretarako, idatzi bat bidali ditu komunikabideetara. Horra hor hiru alderdietako bozeramaileek sinatutako testua.
“Alkateak bere botere posizioa baliatzen du zinegotzien lana gutxietsi eta hauek umiliatzeko. Zoritxarrez, praktika horiek ez dira berriak, urteetan errepikatu dira; baina ezin dugu onartu, eta salatu eta horiekin amaitzeko betebehar etikoa dugu.
Elkarrekin Zumarragako bozeramaileak abenduaren 23ko osoko bilkuran hitzezko lintxamendua jasan zuen, eta horren aurrean gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu, bai berari, bai bere alderdi politikoari zein berau ordezkatzen duten herritarrei. Zinegotzi bat publikoki umiliatu nahi izatea etikoki deploragarria eta zekena da; erabat gaitzesteaz gain, ezin dugu onartu.
Egunez egun udalaren funtzionamenduan, herritarren ordezkari gisa egiten dugun lanarekiko eta egiten ditugun proposamenekiko errespetu faltak, salagarriak izateaz gain, lankidetza politikoa eragozten du, udalaren irudia kaltetzen du, udalean egiten den lanari balioa eta ospea kentzen dizkio, udalaren antolaketa ahultzen du eta talde teknikoa desmotibatzen du.
Alkateak, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, osoko bilkuren eta batzordeen funtzionamendu egokiaren berme izan behar du; hala ere, etengabeko deskalifikazio jarrera eta praktikekin kontrakoa sustatzen du. Lankidetza eta eguneroko jarduerak modu egokian joan daitezen ahalegindu ordez, alderdi eta zinegotzien artean haserrea eta ezinegona sustatzen ditu.
Mikel Serrano alkateari hausnarketa egin dezala eskatzen diogu; erakundea eta milaka zumarragarren ordezkariak errespeta ditzala, jarrera alda dezala eta zerbitzu publikoaren alde ari diren personak zaindu ditzala.
Pertsonen eta ordezkaritza politikoaren arteko errespetua eska dezakegun gutxienekoa da; beraz, hemendik aurrera ez dugu inola ere gure lan politikoa gutxietsi eta deskalifikatzen duen beste jarrerarik onartuko”.