Gainzuriko ikasleek, Hollywood-eko ospearen pasealekuan bezala, izarrak jarri dituzte Urretxuko eta Zumarragako kaleetan. Izar moreak. Bakoitza feminismoari ekarpena egin dion emakume bati dagokio.

Mundu osoko pasealeku ezagunena Hollywood-en dago: ospearen pasealekua, alegia. Bertan, zinema, antzerki, telebista, irrati eta musika munduko pertsonaia ospetsuei izarrak eskaintzen dizkiete. Dagoeneko 2.000 izar inguru daude. Martxoaren 8a dela eta, Gainzuri ikastetxeko ikasleek ere izarrak margotu dituzte Urretxun eta Zumarragan. Izar moreak, noski. Bakoitza feminismoari (eta beraz, gizarteari) ekarpena egin dion emakume bati dagokio. Ez dituzte Hollywood-en bezainbeste izar jarri, baina Urretxuko eta Zumarragako izarretako emakumeek Hollywood-eko izarretako askok baino ekarpen handiagoa egin diote gizarteari.
Ikastetxea Urretxukoa eta Zumarragakoa denez, Gainzuriko ikasleek bi herrietan margotu dituzte izarrak: ikastetxearen aurrean eta Clara Larrañaga parkearen ondoan. Clara Larrañaga da Urretxuko eta Zumarragako toki bati izena ematen dion emakume bakarra.
Gainzuriko aurtengo egutegia ikastetxeko ikasleen jatorrizko hizkuntzen ingurukoa denez, izarretarako hizkuntza horietan hitz egiten duten emakumeak aukeratu dituzte.
Izardun emakumeak
Ana Galarraga Aiestaran zarauztarra zientzia komunikatzailea da. Elhuyar Fundazioarentzat lan egiten du. Euskal hedabideetan zientzia dibulgazioa sustatzen du, euskaraz eta genero ikuspegiarekin. Michelle Banks aktore, irakasle eta idazle estatubatuarrak gorrentzako aktore eskola sortu zuen. Maria Nsue Angüeri dagokionez, bera izan zen nobela bat idatzi zuen Ekuatore Gineako lehen emakumea. Bere lanetan emakumeen zapalkuntza salatu zuen.
Rosa Sensat y Vila kataluniarrari dagokionez, 15 urterekin irakasle titulua lortu zuen, handik urte batzuetara eskola bat sortu zuen eta pedagogia berriztatzaileen alde lan egin zuen.
Xian Zhang txinatarrak orkestra zuzendaria izatea erabaki zuen eta mundu osoko orkestrak zuzendu ditu. Nadine Labaki libanoarra aktorea eta zuzendaria da. J.R. Dacougna Minkette filologo eta ikertzaile feminista da.
Svetlana Gannushkina errusiarra matematika irakaslea izan zen eta giza eskubideen aldeko GKE bat sortu zuen. 2010ean bakearen Nobel sarirako hautagaia izan zen.
Itziar Ituño aktore bizkaitarra mundu osoan ezagun egin da eta berari esker jende askok Euskal Herriaren berri izan du. Rozelen abeslari espainiarra giza eskubideen aktibista da eta bere abestietan ahulenak defendatzen ditu.
Margita Reiznerova eslovakiarrak idazle erromanien elkartea eta bi egunkari sortu zituen. Ivana Armanini kroaziarra komikigilea, aktorea eta marrazkilaria da. Malala Yousafzai pakistandarrak emakumeen hezkuntzarako eskubidea defendatzen du, 15 urterekin atentatu bat jasan zuen eta 17 urterekin bakearen Nobel saria jaso zuen.
Maya Reis Gabeira surflari brasildarrak 2020an olatu altuena gainditu zuen surflaria izan zen eta emakumeen eskubideen alde lan egiten du.
Bukatzeko, Maria Uca Marinescu errumaniarra esploratzailea da. Urte berean bi poloak zapaldu dituen emakume bakarra da.