Aniztasun Jaiko antolatzaileek gustura amaitu dute eguna. Jende asko hurbildu da Gernikako Arbola plazara, tokian tokiko jakiak eta edariak dastatzera, musikaz gozatzera, elkarteen jarduna ezagutzera...

Aniztasun Jaia egin dute gaur Urretxun, herriak duen jatorri, kultura, erlijio, sexu orientazio, genero identitate, ideologia, adin, hizkuntza, egoera ekonomiko eta gaitasun fisiko ezberdin aberatasuna ikustarazteko.
Hondurasko, Marokoko, Venezuelako, Senegalgo, Ekuatore Gineako, Nikaraguako, Argentinako, Saharako eta Herrialde Katalanetako postuak izan dira, tokian tokiko produktuak eskainiz. Jakiez gain, orrazkerak eta hennak egiteko aukera ere izan da, besteak beste. Halaber, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak, Aspacek, Gurutze Gorriak, Gazte Bideanek, Chernobil Elkarteak, Alambique Etxeak eta Ibaiondo Zentroak ere parte hartu dute. Saskiak egin dituzte, aurpegiak margotu, txapak… Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak, adibidez, Sukaldeanitzak liburua aurkeztu du. Kantuak eta dantzak ere izan dira.
Antolatzaileek gustura amaitu dute. Jende asko hurbildu dela esan dute, eta asko gazteak. 2013an abian jarri zen festa honen helburua eskualdeko aberastasuna erakustea da. Kultur aberastasuna erakusteko jaio zen, baina urtez urte hazten joan da. Gernikako Arbola plaza txiki geratuko zaie laster.