Kultur Aterkia kolektiboak, Eitzako Jai Batzordearekin lankidetzan eta Zarrapaz kolektiboaren laguntzarekin, artea eta musika Eitzako kaleetara eramango du

Kultur Aterkia kolektiboak, Eitzako Jai Batzordearekin lankidetzan eta Zarrapaz kolektiboaren laguntzarekin, artea eta musika Eitzako kaleetara eramango du gaur zortzi. Kale erakusketa jarriko dute Antigua Hiribidea kalean, Kultur Aterkiak iaz egin zuen moduan; Vivak eta Occhi di Farfalla taldeek kontzertuak eskeiniko dituzte; jateko eta edateko aukera ere izango da.
Antolatzaileek kultura “ezinbestekoa” dela azpimarratu dute egitarauaren aurkezpenean, “garai zail hauetan ere bai”. “Oinarrizkoa da pertsonen arteko lotura eta elkarrizketa bultzatzeko”. Harreman sareak ez direla kontsumotik etorriko gaineratu dute, “elkarren igurtzi, zentzu komunitario eta bizitza bizigarriak eraikitzetik baino”. “Gure gertuko komunitateak herriko kale eta auzoak dira, eta auzoak biziberritzen laguntzeko eta harreman-sareak sendotzeko paper paregabea betetzen dute festek, ospakizunak, arteak eta kulturak”. Eitza auzora horregatik jo dute.
“Herri bat eta auzo bat oihal hauskorrak dira, baina oihal sendo bihurtzen dira herritarrak eta elkarteak beren inguruarekin konprometitzen direnean. Oihal horiek sendotzen eta kultura legamia ona denaren esperantzan hilaren 28an Eitzan espero zaituztegu”, esanaz egin dute gonbita.