
Urola Kirol Elkarteak 50. urteurreneko festa nagusia ospatu zuen larunbatean. Herri bazkaria eta kirol ekitaldiak egon ziren, besteak beste. Bazkaria Urretxuko Ederrena pilotalekuan izan zen eta ia 200 lagun elkartu ziren. Gainontzeko ekitaldiak Argixao estadioan izan ziren, goizean. Luis Urdangarin zelaian, haurrek puzgarrietan jolasteko aukera eduki zuten eta 3 x 3 futbol txapelketa bat ere jokatu zen, 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat.
Bestalde, zelai nagusian hainbat futbol partida jokatu ziren. Alde batetik, Urolako beteranoek egungo lehen taldeko jokalarien aurka jokatu zuten. Gazteak nagusitu ziren, 4 eta 1. Hiruko txapelketa bat ere jokatu zen. Emakumezkoen hiru taldek parte hartu zuten: Urolako seniorrak, kadete mailako Gipuzkoako selekzioa eta kadete mailako Bizkaiko selekzioa. Bizkaiko selekzioa nagusitu zen. Bigarren postuan Gipuzkoako selekzioa sailkatu zen eta hirugarrenean Urolako neskak.
Gainera, Zumarragako Udalak, Urolako zuzendaritzak eta 50. urteurreneko batzordeak Argixaoko berdegune berriaren inaugurazio ofiziala egin zuten. Ekitaldian, Harkaitz Millan Kirol diputatuak, Manuel Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak ere parte hartu zuten.
Larunbatean Argixaon jokatu ziren bi partidak, beteranoena eta emakumezkoena, Internetez ikusi ahal izan ziren (euskalkirolatb.eus webgunean). Apirilean Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) hitzarmena sinatu zuen kirol emankizunak egiten dituen ATM Media enpresarekin kirol amateurraren, harrobiko kirolaren eta kirol egokituaren emanaldiak egiteko eta lehen emanaldia larunbatekoa izan da. Izan ere, EKFBk eta Zumarragako Udalak sinatutako akordioari esker, Argixao ATM Mediaren kamera inteligenteak dituen lehen estadioa da.
Urolak duela urtebete aurkeztu zituen urteurreneko ospakizunak. Ekitaldi guztiak denboraldi honetan egin dira. Irailean Antioko amabirjinari ohiko lore eskaintza egin zioten, Zumarraga-Urretxu txapelketa jokatu zen eta 50. urteurreneko ekipazioa aurkeztu zuten.
Otsailean Jon Plazaola aktoreak bakarrizketa egin zuen eta solasaldi bat gidatu zuen. Martxoan Joseba Apaolaza aktorea etorri zen, Jokoz kanpo antzezlanarekin. Apaolaza eta Plazaola Urolako jokalari ohiak dira. Aste Santuan, urteroko moduan, Iñaki Mendiluzeren oroimenezko txapelketa jokatu zen. Urteurrena dela eta, ohi baino talde gehiagok parte hartu zuten. Datorren denboraldian klubari buruzko liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte.