Argentinak Munduko Futbol Txapelketa irabazi zuen atzo eta mundu osoko argentinarrak kalera atera dira ospatzera. Urretxun eta Zumarragan ere gogoz ospatu dute.
Txapelketako partida guztiak elkarrekin ikusi dituzte, Zumarragako Izazpi tabernan. Bertako jabea (Ana Maria Ocampo) argentinarra da eta Ana Mariaren ahizpa (Mariela Ocampo) izan da antolatzailea.
Atzo sekulako festa egin zuten. Han bazkaldu zuten. Argentinako jakiak jan zituzten, noski: enpanadak, txoripanak… Inguruko herrietan bizi diren argentinarrak ere gerturatu ziren.
Festan parte hartu zuenetako bat Zumarragako Txindoki tabernako Diego Cuartero da. “Asko sufritu genuen. Asko. Partida amaitu zenean sufrimendu guztia kaleratu genuen. Kalera atera ginen ospatzera. Oso txapelketa gogorra izan da, lehen partida galdu egin baikenuen”.
Selekzioaren partidak beste inon ez bezala bizi dira Argentinan, baina aurtengoa are bereziagoa izan dela esan du Cuarterok. “Inoiz ez da horrela bizi izan. Qatar argentinarrez beteta zegoen. Larunbatean bi hegazki atera ziren Argentinatik Qatarrera, nahiz eta Argentinan egoera ekonomikoa oso txarra den. Inoiz baino ilusio handiagoarekin bizi izan dugu Munduko Txapelketa”.