Igandean izango da, Agurainen
Ekainaren 11n Araba Euskaraz, Arabako ikastolen aldeko festa, egingo dute Olarizun. Aurreko asteetako ekitaldien barne, Elkar Ekin Dantzan! festa antolatu dute igande honetarako. Agurainen egingo dute. Bost dantza taldek parte hartuko dute. Tartean, Urretxuko Lurra taldeak. Lurrarekin batera, Ondarroako Zubi-Zahar, Baionako Orai Bat, Etxarri-Aranatzeko Etorkizuna eta Aguraingo Jeiki Dardara Gune arituko dira. Lurrak Gipuzkoa ordezkatuko du, beraz. 12:00etan kalejira egingo dute eta 14:00etarako herri bazkaria antolatu dute. 15:30ean ipuin kontaketa musikatua egingo dute, 16:30ean dantzariek plazan dantzatuko dute eta 17:30ean Ttek elektrotxarangak kalejira egingo du.
Udaberriko gainontzeko ekitaldiei dagokienez, taldeko haurrak Dantzari Txikietan parte hartzen ari dira. Dagoeneko Legazpin eta Errenterian dantza egin dute. Datozen asteetan, Zumarragan, Beasainen eta Galdakaon dantza egingo dute. Urretxuko Dantzari Txiki, berriz, ekainaren 18an izango da.
Helduei dagokienez, udako emanaldiak prestatzen ari dira. Leonera joango dira, besteak beste. Gainera, Urretxuko folklore jaialdia prestatzen ari dira. Aurten, Zuberoa, Leon, Ghana eta Iparraldeko Mazedoniako taldeak etorriko dira.
