Txupinazoa ostiralean izango da, baina aurreko asteburuan hainbat ekitaldi egon dira motorra berotzeko: mus txapelketa, bigarren eskuko azoka, gaztetxoen arteko pilota partidak eta Uxue Kerejetaren kontzertua
Zumarragako Eitza auzoan San Isidro jaiak ospatuko dituzte ostiraletik astelehenera bitartean. Aurreko asteburuan hainbat ekitaldi egon dira, motorra berotzeko: mus txapelketa, bigarren eskuko azoka, gaztetxoen arteko pilota partidak eta Uxue Kerejetaren kontzertua. Mus txapelketa Eusebio Zabalak eta Eugenio Ugaldek irabazi zuten.
Ekitaldi nagusiak ostiraletik aurrera izango dira. Ostiralean, 18:00etan txokolatada egingo dute eta buruhandiak kalera aterako dira. 19:00etan txupinazoa egingo dute Korta tabernako plazan, Urolatarrak txarangak lagunduta. 19:30ean txosna gunea irekiko dute. 21:30ean, berriz, herri afaria egingo dute ermitako arkupean. Bukatzeko, gauerditik 04:00ak arte DJ Inax-ek jendea dantzan jarriko du txosna gunean.
Larunbaterako ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute San Gregorio kalean. Ordu berean Zu Dantzaz eta Jalgi Hadi taldeekin dantzaldia egingo dute Kortako plazan. Eta pilotalekuan gaztetxoen pilota txapelketako finalak jokatuko dira.
Arratsalderako bi ekitaldi antolatu dituzte. 17:00etan kros herrikoiari hasiera emango zaio. 6 urte artekoek 60 metroko lasterketa egingo dute, 7-8 urtekoek 120 metrokoa, 9-10 urtekoek 280 metrokoa, 11-12 urtekoek 900 metrokoa, 13, 14 eta 15 urtekoek 1.280 metrokoa eta 16 urtetik gorakoek 2.500 metrokoa.
Ondoren, 19:30etik aurrera, Zutik elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du. Gauerako kontzertua antolatu dute: Iratzar erromeria taldeak txosna gunean joko du, 23:30etik 03:00etara.
Igandean, Antxiñako Ama txistulari taldekoak izango dira kalera irteten lehenak. 10:00etan goiz eresia egingo dute. 11:00etan meza egingo dute auzoko ermitan. Mezan Goiargi abesbatzak abestuko du. 12:30ean Irrintzi dantza taldearen Dantzari Txikiko haurrek auzoan dantzatuko dute. 13:00etan Zumarragako musika bandak kalejira egingo du.
Arratsalderako bi ekitaldi antolatu dituzte: 16:30ean Erdizka Lauetan taldeak txosna gunean dantza ekitaldia egingo du eta 18:00etatik aurrera Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak auzoko kaleak girotuko ditu. Erdizka Lauetan taldearen ekitaldia Irrintzi dantza taldeak antolatu du. Bertan, nahi duten guztiek dantza errazak ikasi eta dantzatzeko aukera izango dute. Igandeko ekitaldiekin bukatzeko, 22:00etan txosna gunea itxiko dute.
Jaiak astelehenean amaituko dira, San Isidro egunean. 11:00etan meza egingo dute eta ondoren auzoko jubilatuek hamaiketakoa egingo dute. Hamaiketakoa, urteroko moduan, Irrika elkarteak antolatuko du.
Horra hor asteburuko argazki batzuk.


