Jon Viedma futbolari zumarragarrak azken partida jokatu zuen larunbatean Argixaon. Klubak omenaldia egin zion. Ametsetako agurra izan zuen: Urolak 6 eta 0 irabazi zion Zumaiakori eta berak goletako bat sartu zuen.
Viedma 1994n jaio zen Zumarragan. Informatika ikasi zuen eta ondoren zibersegurtasun masterra egin zuen. Aholkularitza enpresa batean lan egin zuen eta irailetik LaLiga-rentzat lan egiten du, Madrilen. Madrilgo lana Urolarekin uztartzea ezinezkoa denez, erretiroa hartzea erabaki du.
17 urte eman ditu Urolan. “Aitak ere Urolan jokatu zuen eta aitona Urolako lehendakaria izan zen. Esan didatenez, umetatik baloia hankatan nuen. 12 urterekin Urola hasi nintzen”.
Oroitzapen “ezin hobea” darama. “Urola familia bat da. Jende asko ezagutu dut. Taldekide guztiek beraien ekarpena egiten dute. Julen Erostarbe, Unai Ayuso eta Adrian Veledak asko lagundu zidaten une zailenetan. Urolan egindako lagunak, betirako dira”.
Kirolari dagokionez, urte hobeak eta okerragoak izan ditu. “Bi igoera bizi izan ditut. Une gogorrak ere bai: lesioak, denboraldi batzuetan nahi baino gutxiago jokatu nuen… Baina beti burua altxatu eta entrenamenduetara irribarre batekin joaten saiatu nintzen”.
Eskerrak eman nahi dizkio klubari, egin dioten omenaldiagatik. “Mundu guztia ezin da nahi bezala agurtu. Julen Erosterbek belauneko lesio larri bategatik utzi behar izan zuen futbola. Nik zelaian utzi dut, sasoian eta gol batekin. Ezin dut gehiago eskatu”.
Urolari etorkizun oparoa opa dio. “Orain arte bezala lan egiten badute, ilusioz eta maitasunez, Urolak urte oparoak izango ditu. Taldekideei, bide horretatik jarraitzen badute, ez jaistea baino helburu handiagoak izango dituztela esan diet”.
