Zumarragako pilotariak Balerdiren aurka jokatuko du, 19:00etan Ederrena pilotalekuan
Julen Armaolea pilotari zumarragarrak Urretxuko San Joan txapelketan jokatuko du gaur (asteazkena). Promesa mailako txapelketako final laurdenetako kanporaketa jokatuko du, Balerdiren aurka, lau t’erdian. Ondoren, binakako txapelketako partida jokatuko da. Tartaloetxe klubeko Azketak eta Elizegik, Elola (Tolosa) eta Lizeagaren (Mundarro) aurka jokatuko dute. Pilota jaialdia 19:00etan izango da, Ederrena pilotalekuan.
Armaolea 7 bat urterekin hasi zen pilotan jokatzen, Goierri klubean. Kadete mailan Amezketako Zazpi Iturrira joan zen, Urretxun bere mailako talderik osatu ez zelako. Aurrelaria da. “Tantoa bukatzea gustatzen zait, baina sufritzen ere badakit. Fisiko aldetik nahiko hobetu dut, baina defentsan hobetu beharra dut oraindik”.
Ilusioa egiten dio Urretxun jokatzeak, noski. “Balerdi arerio zaila izango da. Ni baino urtebete zaharragoa da eta indar gehiago du”.
Armaolea herriartekoa jokatzen ari da Zumarragarekin. Joan zen astean lehen kanporaketako joaneko partidak jokatu zituzten Ataunen aurka. Armaoleak eta Plazaolak 22 eta 16 irabazi zuten, baina kadeteek 22 eta 2 galdu zuten eta seniorrek 22 eta 5. Hori dela eta, oso zaila izango da kanporaketa irabaztea.
