Aniztasun Jaia ospatu da gaur Urretxun. Hainbat ekitaldi egon dira, herriaren aniztasuna ezagutzera emateko eta txalotzeko. 10.00etan hasi da festa. Ordurako, postuak prest zeuden eta sukaldeak martxan. Izan ere, lau kontinenteko eta hamar herrialdetako gastronomia eta kultura ezagutzeko aukera izan da: Pakistan, Katalunia, Senegal, Venezuela, Kolonbia, Maroko, Peru, Honduras, Ekuatoreko Ginea eta Argentina. Postuetan, jateko eta edateko aukeraz gain, herrialde horiek eta beraietatik etorri diren urretxuarren bizipenak ezagutzeko aukera egon da. Ekitaldiak ere antolatu dituzte, adin guztikoentzat: henna ikastaroak, Afrikako txirikordak eta txapak egiteko eta aurpegia margotzeko aukera… Munduko herrialde ezberdinetatik Urretxura etorri direnekin batera, Aspaceko kideek parte hartuko dute. Beraiek ere aniztasunaren aldeko aldarria egin dute. Eta saskiak nola egin erakutsi dute. Eguerdian, Zirika Zirkusen ikuskizunaz gozatzeko aukera egon da.

