Andoni Salamerok eta Goiargi abesbatzak Joxan Artze, Mikel Lizarraga eta Hits&Fits gogoratuko dituzte
Ikuskizuna ekainaren 4an izango da, Zelai Arizti aretoan

Andoni Salamero, Mixel Ducau eta Alaia Phillips Ducauk ‘Artze, Joxan… gogoan!’ ikuskizuna egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan, ekainaren 4an 12:30ean. Joxan Artzeren omenezko ikuskizuna Euskal Herriko hainbat herritan taularatu dute eta oraingoan Urretxu eta Zumarragako Goiargi abesbatzarekin arituko dira. Ekitaldian, Artzez gain, Mikel Lizarraga euskaltegiko sortzaile eta zuzendaria gogoratuko dute. Baita Hits&Fits taldea ere.
Ekitaldia atzo aurkeztu zuten Zumarragako kultur etxean. Aurkezpenean Andoni Salamerok eta Goiargi abesbatzako Lurdes Idiakezek eta Lucia Alvarezek parte hartu dute.
Salamerok Artzeren ekarpena gogoratu zuen. Mikel Laboak, Gontzal Mendibilek, Txomin Artolak, Benito Lertxundik… Artzeren poemak abestu dituzte eta Salamerok, Ducauk eta Phillipsek aipatutako ikuskizuna egin dute, “usurbildarra bera gogoan izateko eta bere ondarea ezagutarazteko”.
Emanaldian Ortzia lorez, lurra izarrez, Oihana auhenka, Heriotzaren ataria dugu bizitza, Bizitzaren atea dukegu heriotza eta Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat liburuetako olerkiak irakurtzen dituzte eta Joxanen hitzetan oinarrituriko kantak abesten dituzte (Laboa, Artola, Ducau…).
Zumarragako emanaldia berezia izango da, Goiargi abesbatzak parte hartuko duelako. Bestetik, emanaldiaren hasieran, jendeari Dorleta Ugarteburuk diseinatutako txartel berezi bat oparituko diote. Txartelak Joxanen irudia eta bere olerki bat ditu. Ugarteburu arte ederretako eskolako irakaslea da eta Hits&Fits taldeko kidea izan zen.
Gainera, emanaldia hasi aurretik Lizarraga eta Hits&Fits taldea gogoratuko dituzte. Hits&Fits Urretxu eta Zumarragako gazte talde batek sortu zuen eta Artzeren Mundua gizonarentzat egin da, baina ez gizona munduarentzat ikuskizunean parte hartu zuen.
Mikel Treku euskaltegiko zuzendariak Lizarragaz hitz egingo du eta Pello Biainek Hits&Fits taldeaz. Izan ere, Biain ere Hits&Fits taldeko kidea izan zen. Trekuren eta Biainen hitzen ondoren, Miriam Lukik eta Juli Bidegainek olerki bana irakurriko dute.
Ondoren, ikuskizuna hasiko da. Ikuskizunaren ondoren, ikusleek beraien sentipenak posta elektronikoz jakinarazteko aukera edukiko dute. Salamero, Ducau eta Phillips-ek mezu horiek Karmen Estebani, Artzeren alargunari, helaraziko dizkiete.
Idiakezek proiektu horretan parte hartzea “pozgarria eta aberasgarria” dela esan du. “Plazer handia izango da diziplina ezberdinetako artistekin aritzea. Goiargiko kideok Artzeren hitzak dituzten Txoria txori eta Martxa baten lehen notak; Aita Madinaren Aita gurea; Baga, biga, higa eta Uso zuria abestuko ditugu”.