"Goitik beherako kudeaketa ereduak alboratu" eta "herrigintzan sakondu" behar dela dio Urretxuko EH Bilduk
Udal hauteskundeetako emaitzen balorazioa egin du

Urretxuko EH Bilduk udal hauteskundeetako emaitzen balorazioa egin du. Horra hor komunikabideetara igorri duten testua:
“Lehenik eta behin, gu bozkatu gaituzten 1.238 urretxuarrek gugan jarri duten konfiantza eskertu nahi dugu, lehen indarretik 100 boto eskasera. Botoen %38,10a lortu dugu, auzo guztietan egin dugu gora, eta hiru mahaitan irabazi dugu. Emaitza oso onak dira, udal hauteskunde batzuetan ezkerreko independentismoak inoiz lortu dituen onenak. Horrek, EH Bildu Urretxun hauteskundez hauteskunde goranzko joera nabarmenean dela erakusten du.
Kanpaina iraganeko kontuekin lokazteko saiakeren aurrean, argi geratu da urretxuarrek EH Bilduk ordezkatzen dituen baloreekin bat egiten dutela, eta udalean mapa berria jarri da mahai gainean: gehiengo abertzale bat bada, baina baita ezkerreko gehiengo bat, eta bi horien ezinbestekoa da EH Bildu.
Emaitza hauek erakusten digute behin eta berriz esan duguna: Urretxuk hobetzeko tarte handia du, eta honek indarra ematen digu hasitako bidea berretsi eta sendotzeko.
Hauteskunde hauetan gehiengo absolutuaren zikloarekin amaitu eta aro politiko berri bat irekitzea zen gure helburu nagusia, eta lortu dugu. Goitik beherako kudeaketa ereduak alboratu eta herrigintzan sakontzeko urratsa behar du izan gure helburua. Horretarako, herri moduan ditugun erronka horiei guztiei debatearen eta proposamenen maila igotzea dagokigu, inertziak eta egiteko molde zaharkituak alboratuz.
Legegintzaldi honetan, osasuna, ongizatea, eta kalitatezko lanpostu industrialen sorrerak izan behar dute lehentasuna, eta horretarako EH Bilduk bere lanerako jakintza eta konpromisoa jarriko ditu mahai gainean. Lidergo berri eta konpartituak behar ditu Urretxuk, bai Zumarragarekiko harremanetan, baita Mankomunitatean ere”.