Bere lanak uztailaren 26ra arte egongo dira Hungariako hiriburuan

Clara Probanza margolari urretxuarraren lanak Budapesteko (Hungaria) Art Brut galerian ikusgai egongo dira uztailaren 26ra arte. Erakusketa joan zen asteazkenean inauguratu zen eta Probanza bertan egon zen.
Art Brut izena Jean Dubuffet artista frantziarrak asmatu zuen 1945ean. Gaixotasunak dituztenek eta baztertze arriskuan daudenek egindako lanak jasotzen ditu. Probanzak gaixotasun larri bat du.
Probanza anai-arrebek oso lotura estua dute artearekin, baina Clara duela hamar bat urte hasi zen margotzen. Bere ahizpa Concceta ilustratzailea da eta bera izan zen animatu zuena. Gaixotasun bat izan zuen eta margotzeak denbora pasatzeko balio izan zion.
Askotan etzanda margotzen du, gainontzeko posturetan min handiagoa sentitzen baitu. Etzanda margotzen duenean, ezin ditu olioak edo margo akrilikoak erabili. Hala, gehienetan errotuladoreak erabiltzen ditu. Bere senarrak tripode bat egin zion, etzanda margotu ahal izateko. Bere lanetan ametsak islatzen ditu. Margotzea terapia modukoa da. Bere lanetan kolorea da nagusi, bizi gogoa.
Ez du prestaketa lanik egiten. Zirriborroak egiten ditu eta ondoren zirriborro horietan gauzak ikusten ditu. Gauza horiei forma ematen die. Detaileak asko zaintzen ditu eta esperimentuak egitea gustatzen zaio: paper mota ezberdinak probatu, paperaren gainean josi… Kartoia eta okume txapa ere erabiltzen ditu. Argazkiko zapia oihalgintza enpresa batek egin zuen, Probanzaren marrazkiekin.
Bere lehen erakusketa Zarauzko Garoa liburu dendan izan zen. Ahizpak eta biek plastilinazko figurak egin zituzten. Portoko (Portugal) Cruzes Canhoto galerian, EHUko Donostiako campuseko Carlos Santamaria liburutegian eta Zumarragako kultur etxean, berriz, bere margolanak erakutsi ditu.
Portoko erakusketari dagokionez, senarra eta biak oporretara joan ziren bertara. Cruzes Canhoto galerian sartu ziren eta senarrak lan batek Probanzaren lanen antza zuela esan zuen. Galeristak entzun egin zion eta bere lanak erakusteko eskatu zion. Handik urtebetera bere lanak ikusgai jarri zituen.
Galeria horretan Art Brut obrak dituzte, besteak beste. Hungariako Art Brut galeriako arduradunak Probanzaren lanak ikusi zituen eta asko gustatu zitzaizkion. «Idatzi egin zidan. Nire lanak oso interesgarriak zirela esan zidan eta berari bidaltzea proposatu zidan. Baiezkoa eman nion eta ekainaren 1ean bertara joan ginen, senarra eta biok. 60 lan eraman genituen. Galeriako zuzendaria berria da. Europako herrialde ezberdinetako artisten lanak erakutsi nahi ditu eta ni hirugarrena izan naiz. Nire aurretik, alemaniar bat eta eskoziar bat pasa dira».
Budapesteko Art Brut galeria fundazio batena da eta Probanzaren erakusketaren inaugurazioan fundazioko zuzendaria ere egon zen. «Fundazioak, galeriaz gain, klinika bat du. Tratamenduak eskaintzen dituzte».
Probanza oso gustura egon da Budapesten. Irailean, berak eta bere ahizpa Concettak Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan erakutsiko dituzte beraien lanak.