Eitzako elkarteak 50 urte beteko ditu irailaren 8an
Eitzako Irrika elkarteak 50 urte beteko ditu datorren irailaren 8an. Hori dela eta, beraiek izango dute Zumarragako Santa Isabel jaietako pregoia irakurtzeko ohorea. Antxon Biain lehendakariak irakurriko du pregoia.
Irrika 1973an sortu zen. Eitzan bi kuadrilla elkarrekin ibiltzen ziren. Garai hartan elkarte ugari sortzen ari ziren, Zumardi ere sortu berria zen, eta beraiek ere eurena izatea pentsatu zuten. Denak Eitza ingurukoak ginen eta gehienei ehiza zaletasunak ere lotzen zien.
Garai hartan Eitzan ez zegoela elkarterik. Bordatxo tabernaren ondoan Pinu Azpi elkartea egon zen, baina Irrika sortu aurretik desagertu zen. Hutsune hori bete eta elkartzeko leku bat izateko asmoz, hogeita zazpilagun bildu eta Irrika sortu zuten. Ez zuten aparteko beste helbururik.
Hasieran alokatu egin zuten eta gastuak gutxitzeko beraiek arduratu ziren lokala txukundu eta prestatzeaz. Lan dezente izan zuten, etxebizitza zahar bat baitzen. 1997an lokala berritu egin zuten. Handik urte batzuetara, etxea bota egin zen eta etxe berria egin zen. 2010eko azaroan Irrikak egoitza berria inauguratu zuen. Egun, 30 bazkide dira.
50 urte hauetan ekintza asko antolatu dituzte. Zenbait urtetan Eitzako jaiak antolatu zituzten, batzordeak ardura hau hartu zuen arte. Egun, jaietan jubilatuei eskaintzen zaien luntxa prestatzeaz arduratzen dira. Gastronomiari buruzko hitzaldiak ere antolatzen dituzte. Azkena Josema Azpeitia gastronomia aditu eta kazetari legazpiarrak egin zuen, apirilean.
Horretaz gain, Zumarragako jaietan parte hartzen dute: danborradaren egunean parte hartzaile mordoxka bati afaria ematen diote, Santa Isabel egunean udalbatzari, dantzariei, txistulariei eta beraiekin Antiora igotzen direnei gosari txikia emate diete eta jaitsieran Eitzako Jai batzordekoei cava banaketan laguntzen diete.
