Saioa Garmendia adituak ongizate emozional eta autozainketa tailerra ematen du Zumarragako kultur etxean. Udalaren egitasmo honetan nahi duten herritar guztiek parte har dezakete, doan.

Bizitza honetan sufritzea saihestezina da batzuetan, baina askotan gustatu egiten zaigula dirudi. Gure buruari harrika aritzen gara. Zumarragako Udalak, Elkar Zainduz programaren barne, herritarrei sufrimendua saihesteko eta ongizatea lortzeko erremintak eskaintzea erabaki du, norbera hobeto sentitzeko. Horretarako, Saioa Garmendia aditua kontratatu dute. Ongizate emozional eta autozainketa saioak ematen ari da kultur etxean. Nahi dutenek, Gizarte Zerbitzuetan izena eman dezakete. Adin guztietakoek parte har dezakete eta saioak doan dira.
Garmendia astigartarra da eta Gipuzkoako hainbat herritan ematen ari da ongizate emozional eta autozainketa tailerra: Mutriku, Tolosa, Orio, Zarautz, Berastegi, Azpeitia, Astigarraga eta Zumarragan. Datorren urtean beste zenbait herritan ere emango du, Zestoa eta Usurbil besteak beste.
Garmendiaren ustez gizakioi kalte egiten digun gizarte hedonista batean bizi gara. «Dena zoriontasuna, perfekzioa… da. Hori ez da erreala eta frustrazioa sortzen digu. Denok dakigu perfekzioak ez duela existitzen, baina inkontzienteki denok hori bilatzen dugu. Gizarte honek hori markatzen digu. Kanpora begira bizi gara. Onartuak izan nahi dugu. Hori ondo dago, baina lehenengo gure burua onartu eta maitatu behar dugu. Eta ez digute irakatsi zer diren emozioak, ezta horiek nola kudeatu. Ditugun pentsamenduen %80a negatiboak dira. Kontziente izaten ikasi behar dugu eta horiek aldatzen ikasi.Gure pentsamenduek gure errealitatea eraikitzen dute».
Astigartarrak ongizatea lortzen laguntzen duten gaiak lantzen ditu bere saioetan. «Ondo egoteko, gure burua ezagutu beharra dugu. Autoezagutza, autoestimua, emozioak, indargune pertsonalak… landu behar ditugu. Hamabostean behin bi orduko saioak egiten ditugu. Arnasketari eta meditazio gidatuari ere garrantzi handia ematen diot. Gu ondo egoteko kanpotik laguntza etorri behar dela uste dugu, baina asko gure esku dago. Erremintak identifikatu eta erabiltzen ikasiz gero, asko lor dezakegu. Inkontzienteki, pilotu automatikoarekin, bizi gara. Horrela ez dakigu ez ze pentsamendu ditugun, ez ze emozio ditugun, ez nola gauden… eta lehertu egiten gara».
Burua kontrolatzea da gakoa. «Burua guk kontrolatu behar dugu eta ez buruak gu. Berak kontrolatzen bagaitu, berak nahi duen tokira eramaten gaitu. Arnasketa erreminta garrantzitsua da, oso garrantzitsua da behar bezala erabiltzen jakitea. Farmazian 10.000 euroan salduko balute, denok erostera joango ginateke. Psikologia positiboa ere garrantzitsua da. Inkontzienteki asko hitz egiten diogu gure buruari eta orokorrean modu negatiboan egiten dugu. Pentsamenduz beteak gaude. Horiek negatiboak badira, hortaz elikatzen ari naiz. Kontua kontzienteago bizitzea da. Gauzak zergatik egiten ditugun jakitea. Beti egin beharrekoan pentsatzen ari gara, gauden tokian egon beharrean».
Telefono mugikorrarekin edo ordenagailuarekin reset egiten den moduan, gure buruarekin ere reset egin beharra dugula dio. Onura egiten diguten erremintak ikasi eta erabili, lasaiago sentitzeko erremintak ikasi eta zoriontsuago izan. Hori da tailerretan ikasten dutena.