San Joan Arbolaren eta suaren inguruan elkartu dira beste behin ere urretxuarrak. San Joan eguna ospatuko dute gaur Santa Barbaran.
Urteko gaurik bereziena izan da ekainaren 23a, San Joan bezpera. Santa Barbaran eta kalean, San Joan bezperako tradizioak berritu dituzte urretxuarrek.
Gaur Santa Barbaran ospatuko dute urretxuarrek Sasn Joan eguna. 10:00etan udal ordezkariak Santa Barbarara abiatuko dira, Lizarriturri taldeko txistulariek eta Lurra taldeko dantzariek lagunduta. 10:45ean Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariek deialdia egingo dute. 11:00etan meza egingo dute eta loreak bedeinkatuko dituzte. Ondoren, Lurra taldeko dantzariek aurreskua dantzatuko dute.
Toka txapelketa
11:00etan toka txapelketa hasiko da. Tiraldiak 11:00etatik 13:15era eta 16:30etik 18:00era izango dira. Sari banaketa 18:30ean izango da. Horretaz gain, parte hartzaile guztien artean bertako produktuen bost saski zozkatuko dira. Toka txapelketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman behar dute izena. 16 urte azpikoek ez dute ezer ordaindu behar eta 17 urtetik gorakoek 2 euro.
12:15ean Lurra taldeko kideek dantza saioa egingo dute eta 12:30ean Irimora igoera hasiko da. Lasterketako sariak 13:00etan banatuko dira. Parte hartu nahi dutenek, bertan eman ahal izango dute izena. Herrikrosa.com webgunean ere eman daiteke izena.
Bi ibilbide egongo dira: 16 urte azpikoek Irimo mendiaren magalean korrika egingo dute eta 16 urtetik gorakoak Irimo mendiaren gailurrera igoko dira eta ondoren Santa Barbarara itzuliko dira.
Lasterketaren ondoren, herri kirol desafioa egingo dute. 14:30ean herri bazkaria egingo dute. Bertsolariek goizeko ekitaldi guztiak girotuko dituzte.
16:30ean haurrentzako jolasak eta haurrentzako erromeria hasiko dira. 18:00etan helduen erromeria hasiko da, Aiko taldearekin. 20:00etan irrintzi txapelketa hasiko da. Ondoren, Santa Barbaran elkartutako guztiak herrira elkarrekin jaitsiko dira, txistulariek, dultzaineroek eta trikitilariek lagunduta.
Bukatzeko, 21:30ean erromeria egingo dute Gernikako Arbola plazan. Gauargi taldeak girotuko du.

















