Pello Akizuk (Urretxu, 1963) bizitza osoa darama euskararen alde lanean. Azken urteetan Ordiziako Berritzegunean lan egin du. Gaur bertan hartuko du erretiroa.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Gurasoak baserritarrak nituen, baserritik herrira jaitsitakoak. Aita Ezkioko Akizu baserrikoa zen. Ama Zumarragako Elizalde baserrikoa zen eta ni han jaio nintzen. Zazpikia jaio nintzen eta ez zion ezertarako astirik eman. Ondoren, Urretxun bataiatu ninduten. Beti urretxuarra naizela esan dut, baina jaio-jaio Zumarragan jaio nintzen. Abenidaren bukaeran dagoen etxean bizi ginen, Aparizioneko etxean. Bizilagunen artean sekulako harremana genuen. Komunitatea osatzen genuen. Orain horrenbeste aipatzen den hori. Haurrok kalean ematen genuen eguna. Auzokoak ginen. Goiko Kalekoak Goiko Kalekoekin ibiltzen ziren, San Martinekoak bertakoekin… Arratsalde askotan baserrira joaten ginen: Etxoleira, Larreara edo Elizaldera, familia baikenuen hiruetan.
Zein zen euskararen tokia gizarte hartan?
Euskaldunek euskaraz egiten zuten eta euskaldunek euskaldunekin harremana zuten. Gu “Los hijos de la casera” ginen, baserritik etorritakoak. Kaletarrak ginen eta kalean erdaraz bizi ginen, baina etxean euskaraz. Oso ondo bereizita zegoen zeintzuk ziren euskaldunak eta zeintzuk ez. Gehienak ez ziren euskaraz egiteko gai. Giroa erdalduna zen.
Zer ikasketa egin zenituen?
Lehenengo irakasle-ikasketak egin nituen, zientzietatik, Donostiako seminarioan. Dagoeneko lanean ari nintzela, hizkuntzen psikopedagogia ikasi nuen. Oso ondo etorri zitzaidan. Mondragon Unibertsitatean egin nuen.
Nondik nora ibili zara lanean?
Hizkuntzetara eraman ninduen bide bat hartu nuen. Euskal girotze barnetegietan hasi nintzen, Gazteluko barnetegian, A ereduko umeekin. Esperientzia zoragarria izan zen. Niretzako, izugarrizko ekarpena izan zen. Haurrak Barakaldotik-eta etortzen ziren eta guk erdaraz ez genekiela esaten genien. Sinistu egiten zuten eta euskaraz egiten saiatzen ziren. Oso intentsua izaten zen. Harremana, bikaina. Niretzako, inflexio puntua izan zen. «Nola saiatuko naiz hauei euskara eskatzen eta, gero, lanetik irten eta… Txipa aldatu beharra dut», esan nion nire buruari.
Zer egin zenuen?
Gainontzeko eremuetan ere euskara nire lehenengo hizkuntza izatera pasa zen. Hizkuntza nagusia eta, askotan, bakarra. Orain ere horrela da. Beste hizkuntza salbuespen kasuetan bakarrik erabiltzen dut. Euskaldunok horrela jokatuko bagenu… Ulertzen duenari gehiago ulertzen laguntzen diozu eta, beraz, mesede egiten diozu. Ez dakitenek hasieran sustoa hartzen dute, baina beraientzat ere positiboa da. Askok eskertu egin didate. Kuadrillan hizkuntzaren gaia oso presente dugu. Euskaraz bizi gara. Urretxu-Zumarragan hori ez da erraza, baina toki guztietan euskaraz egiten saiatzen gara. Toki batean zailtasunak izango ditugula uste badugu, bi joaten gara eta elkarri laguntzen diogu. Kontzientziazio lana etengabeko kontua da.
«Jende argia ezagutu dut eta ikastetxeetan lanerako borondatea ikusi dut»
Non gehiago lan egin duzu?
Zazpi urte egin nituen barnetegietan. Ondoren, ezkondu eta Legazpiko Domingo Agirre ikastetxera joan nintzen. Urtebete egin nuen. Ulibarri programa sortu zen, ikastetxeetan euskararen erabilera sustatzeko programa, eta hasiera-hasieratik horretan aritu naiz.
Gustura aritu al zara?
Zortea izan dut. Oso jende ona, argia, jakintsua… ezagutu dut. Ikastetxeetan, gogoa, lanerako borondatea, interesa, hizkuntzarekiko kezka… ikusi ditut. Nire gaia izan da. Euskararekin ibili naiz lanean. Lan horrek janzteko, irakurtzeko, eztabaidatzeko, erlatibizatzeko… aukera eman dit. Ferran Suay eta Gemma Sanginesen TELP ikastaroak, adibidez, oso interesgarriak izan ziren. Egoerak zergatik suertatzen diren eta egoera horiek errazteko zer egin azaltzen zuten. Horixe da behar duguna: zailtasunak dauden inguruetan euskaraz egiteko eta lasai egoteko tresnak behar ditugu. Euskaldunok trebatu egin behar gara gure hizkuntzari eusteko. Besteak euskaraz ez badaki lasai hartu, elkarrizketak bi hizkuntzatan egitera ohitu… Bakoitzak bereari eutsi. Bestela, errazena erdaraz egitea da. Erdaraz egiten baduzu, ez duzu inongo arazorik.
Nola ikusten duzu ikastetxeetako egoera?
Asko daukagu hobetzeko. Gauza batzuk hobetu dira: ereduen auzia ez da eztabaidagai, aniztasun gehiago dago… Baina, nola jokatu eskolan bertan guraso eta neska-mutikoekin portaeraren eta hizkuntzaren jabekuntzaren aldetik? Nola irakatsi, nola landu jarrera, nola landu portaera… Ikastetxeek hizkuntzaren kezka dute. Ez dute lan erraza, gizartea asko ari baita aldatzen.
Globalizazioak gauzak asko zaildu ditu.
Gauzak azkar eta ondo nahi ditugu. Azkarregi. Teknologia berriek harremanak aldatu dituzte. Oso garrantzitsua da ideiak oso garbi edukitzea. Horretarako, irakurri, eztabaidatu, pentsatu, hausnartu, probatu… egin behar da. Denbora eta dedikazioa da. Irakasleek hizkuntzaren inguruko kezkei buruz, irtenbideei buruz… hitz egitea garrantzitsua da. Teknologia berriek gauza onak dituzte, baina bestelako tresnak ere behar ditugu: ideiak argitu, adostu eta konpartitu. Ideiak argi ez baditugu, globalizazioak eraman egingo gaitu. Zutabeak sendoak izatea inoiz baino garrantzitsuagoa da.
«Oso garrantzitsua da ideiak oso garbi edukitzea. Horretarako, irakurri, eztabaidatu, pentsatu, hausnartu, probatu… egin behar da»
Baikorra al zara?
Nahi eta nahi ez. Gauza askotan aurrera egin dugu: administrazio mailan, hizkuntzaren erabilera idatzian… Baina ahozkoa ere ezinbestekoa da. Euskara onena baserrian jaiotakoek dute. Euskaraz apenas irakurri eta idatzi dutenek. Haien adierazteko modua zoragarria da. Ahozkoa galdu dugu: adar jotzea, gauzak esateko modua… Umeekin landu beharra dago. Ordenagailuari lotuegi ikusteak pena ematen dit. Gustura ikusiko nituzke kontu kontari, kantu kantari… Ikastetxeek gauzak garbi dituzte, baina kezka eta burokrazia asko dute. Egiteko asko dituzte eta hizkuntzaren erabilera horietako bat da. Eta hizkuntzaren erabilerak beste astindu mota bat behar du. Geletan proposamen zehatzak behar dituzte. Geletan irakaslea da klabea eta kalean kontzientziazioa lantzea. Ikastetxeak ez ditut gaizki ikusten, baina itota daude: hainbeste aldaketa, lege, curriculum… Irakasleen lana zaildu egin da eta egonkortasuna eta lasaitasuna behar dute. Hezkuntza saila gauza gehiegitan dabil. Despistatu samar. Gure programa bera ukituta dago. Eta hizkuntza proiektua berritzeak ez du berez hobekuntza ikaragarria ekarriko, hizkuntza ikastetxean nola sustatu da gakoa. Jarreraren eta portaeraren lanketa. Proiektuaren lanketa da gakoa. Proiektua bitartekoa besterik ez da.
Urretxuko Udaleko zinegotzia ere izan zinen eta Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteko kidea zara hasieratik.
Zinegotzi izateko, baldintza bakarra jarri nuen. Beste batzuek bezala jokatuko nuela esan nien: elebakar. «Beste batzuk elebakar jokatzea badute, nik ere bai. Legea gure alde dugu eta, beraz, edozein jarduera ofizialetan elebakar izango naiz», esan nien. Zailtasunak sortzen dira, baina interesgarria izan zen. Duela 30 urteko kontuez ari gara. Oso indartsu nengoen, konbentzimendu handiarekin. Argi nuen lanean egiten nuena gizartean egin beharra zegoela. Zintzo-Mintzo garai hartan sortu zen.