Lehen fasean 46 etxebizitzako eraikin bat egingo da, Kalebarren 32 eta 34koa zegoen tokian. Plaza handi bat ere egingo da. 100 etxebizitza egingo dira guztira.

Sutobal enpresak datorren urte hasieran ekingo dio Zumarragako Forjas eremuko etxebizitzen eraikitze lanari. Guztira 100 etxebizitza egingo dira, lau eraikinetan banatuta. Erdian gutxi gorabehera Zumarragako plazaren tamaina izango duen plaza bat egingo dute.
Lehen fasean 46 etxebizitzako eraikin bat egingo da. Eraikuntza bukatzerako, Sutobalek Forjas lantegiaren eremua botata eta garbituta izango du. Beste hiru eraikinak noiz egingo diren ez dago zehaztuta oraindik. Horietako azkena egiteko Kortaberri tabernako etxea bota beharko da.
Forjas eremuaren garapena geldituta egon da urte luzetan. Gestio asko egin behar izan dira azken urteetan aurrera atera ahal izateko. Aipatutako lau eraikinak eta plaza Kalebarren 32 eta 34ko eraikina zegoen tokian, egun aparkalekua dagoen tokian eta Forjas enpresaren eremuan egingo dira.
Lehen faseko eraikina Kalebarren 32 eta 34ko eraikina zegoen tokian egingo da. Sutobalek iazko udan bota zuen. Plaza, berriz, aparkalekua dagoen tokian egingo da. Lehen fasea hasterako, aparkalekua desagertu egingo da.
Plazaren eta etxebizitza eraikinen azpian garajeak egingo dira. Etxebizitza guztiek garajea izango dute. Lehen fasean egingo den eraikinak lokalak, bost solairu eta atikoa izango ditu. Etxebizitza guztiek terrazak izango dituzte.
Asko kosta den arren, pixkanaka Kalebarrenen zaharberritzea aurrera doa. Sutobal enpresa beste eraikin bat egiten ari da Piedad 1eko eta Kalebarren 2 eta 4ko etxeak zeuden tokian. Obra bukatzen ari dira dagoeneko. Etxebizitzetako giltzak urria amaieran emango dizkiete erosleei. Hauek urte amaeran joango dira bertara bizitzera.

Lehen fasean egingo duten eraikina, bidegorritik ikusita.