Alberto Marcosek (Zumarraga, 1991) Aramaioko rallysprinta irabazi du bere BMW M3arekin. Sailkapen orokorrean bigarren postuan sailkatu da eta 5. kategoriako txapelduna izan da.
Nolatan pilotu? Senitartekoren baten eraginez?
Ez. 24 urterekin hasi nintzen. Pixka bat berandu mundu honetan hasteko. Familian eta lagunen artean ez nuen piloturik, baina lagunok autoak gustuko izan ditugu beti eta Miranda de Ebroko (Espainia) zirkuitura joan ginen ibiltzera. Auto zahar bat erosi genuen, ikasteko. Gustatu egin zitzaidan, lasterketa batean parte hartzera animatu nintzen eta gaur arte…
Auto lasterketetan parte hartzea garestia da.
Lasterketetan parte hartzeko zer egin behar den begiratu genuen eta auto bat erosi genuen. Ondoren, lasterketetarako prestatu genuen. Lagunen laguntzari eta babesleei esker lortu nuen. Nire lehen lasterketa 2015eko Udanako igoera izan zen. Ordutik, urtero lehiatu naiz: lur gainean, mendian…
Zenbat auto izan dituzu?
Bi BMW: egungo M3a eta 325 bat. Lur gainean, berriz, bi Ford Focusekin ibili naiz. Lehen urtean Focus Kopa irabazi genuen eta bigarren urtean hirugarren postuan sailkatu ginen.
Aurten rallysprint denboraldia egin duzu.
Hala da. Gabirian bigarren postuan sailkatu ginen eta Goierrikoan hirugarren izan ginen. Hala, sailkapenaren buruan jarri ginen. Baina Eskoriatzan palierra hautsi zitzaigun eta txapelketa han galdu genuen. Azkeneko lasterketa Aramaiokoa izan zen: guk irabazi beharra genuen eta lider zihoana bosgarren sailkatu behar zen. Guk gurea egin genuen, baina txapelketa irabazi duena bigarren postuan sailkatu zen. Meritu handia dugu, txapelketa irabazi duenak Hyundai R5 bat baitu. 200.000 euro balio du. Gurea lagunon artean egin dugu. Ez diot inori ordaintzen bere zerbitzuaren truke. Bakoitzak bere aletxoa jartzen du. Lagunarteko giroa dugu eta hori oso ona da.
Aramaioko proba irabaztea lortu duzu. Iraileko bigarren asteburuan jokatu zen.
Asko kosta zitzaigun. Asko korrika egin behar izan genuen. Asko arriskatu genuen.
Kopilotua zarauztarra duzu.
Maialen Guridi du izena. Kopilotu onenari dagokion saria berak irabazi du. Izan ere, rallysprinta irabazi duen pilotuak kopilotu ezberdinak erabili ditu. Maialenek, berriz, denboraldi osoa egin du nirekin. Hala, puntu gehiago lortu ditu.
Noiztik lan egiten duzue elkarrekin?
Lasterketetan ezagutu genuen elkar. Elkarri laguntzen genion eta duela bi urte kopilotua behar nuela esan nion. Garai hartan bera pilotu bila zebilen eta probatzea erabaki genuen. Lurreko lasterketa bat egin genuen eta ondo moldatzen ginela ikusi genuen. Iaz lasterketa batzuk egin genituen elkarrekin eta aurten, lehenengoz, denboraldi osoa elkarrekin egin dugu. Oso ondo moldatzen gara. Oso pozik nago bere lanarekin eta berarekin.
Denboraldia amaitutzat eman al duzue?
Rallysprint denboraldia amaitu egin da, baina rally denboraldia ez da bukatu oraindik. Asteburu honetan Fiteroko lasterketa egingo dugu. Sailkapen nagusian 6. postuan gaude eta gure helburua podiumera igotzea da, baina oso zaila izango da.
Euskal Herri mailako txapelketetan parte hartzen duzue.
Bai. Espainiako txapelketetan parte hartzeko diru asko behar da. Urte batean Espainiako txapelketaren batean parte hartzea pentsatu genuen, baina aurrekontu handia behar zen eta ez genuen horrenbeste diru.
Datorren denboraldira begira, zeintzuk dira zuen erronkak?
Oraindik ez dugu erabaki. Auto honekin jarraituko dugu, baina ez dakigu oraindik ze txapelketetan parte hartuko dugun.
Zeintzuk dira zuen babesleak?
Babesle nagusiak Euskadi Low Cost gasolindegi katea, Pirelli pneumatiko ekoizlea, Leire Alustiza ile-apaindegia, Euskorot eta ML Sport.
Zein da zure ametsa?
Nire ametsa lasterketa bat irabaztea zen. Duela urte batzuk oso urrun ikusten genuen, baina lortu genuen. Hurrengo erronka txapelketa irabaztea da. Eskatzen hasita, punta-puntako auto batekin Espainiako txapelketan parte hartzea gustatuko litzaidake. Punta-puntako pilotuekin lehiatzea gustatuko litzaidake, antzeko auto batekin, gure benetako maila zen den jakiteko.
Aukeratzen hasita, ze auto hartuko zenuke?
Skoda Fabia Rally 2 autoa.