Beñat Torres (Urretxu, 1995) euskara eskolak ematen ari da Montevideoko (Uruguai) Udelar unibertsitatean. Horretaz gain, Euskal Etxean bertso eskolak ematen ditu.

Ze ikasketa egin zenituen eta zertan lan egin duzu azken urte hauetan?
Euskal Filologia ikasi nuen. Orain Euskal Ikasketak deitzen da. Orain arte irakaskuntza publikoan lan egin dut, ordezkapenak egiten.
Nolatan erabaki duzu Uruguaira joatea?
Global Training ikasketa bekaren bidez izan nuen aukera honen berri. Deialdia Etxepare Institutuak egin zuen, baina unibertsitatearekin dut kontratua. Beharren bat badut, Etxepare Institutuarekin jartzen naiz harremanetan.
Zertan ari zara zehazki?
Euskara eta euskal kultura eskolak ematen ari naiz Montevideon. Euskara eskolei dagokienez, bi talde ditut. Batzuk hasi berriak dira (martxoan hasi ziren) eta besteak iazko martxoan hasi ziren.
Zenbat ikasle dituzu?
Euskara ikasten urte eta erdi daramatenen taldean lau ikasle ditut eta beste taldean, berriz, dozena bat.
Zerk bultzatzen ditu Euskal Herritik horren urrun bizi diren lagun horiek euskara ikastera?
Nire ikasleen artean profil ezberdinetako jendea dago. Jende gazte asko dago, baina erretiratuak ere badaude. Euskararen berri dute eta interes ezberdinak dituzte. Batzuk hizkuntzalaritza ikasleak dira, beste batzuk musikaren edo dokumentalen bidez izan dute euskararen berri… Bestalde, hemen euskal komunitate handia dago.
Non ematen dituzu euskara eskolak?
Udelar unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza fakultatean elkartzen gara.
Zergatik erabaki zenuen Uruguaira joatea?
Une aproposa zen. Lau urte neramatzan hezkuntza publikoan, baina plazarik ez dut. Irakaskuntzan trebatua sentitzen naiz dagoeneko eta Uruguaik asko erakartzen nau. Europako edozein herrialdek baino gehiago.
Ba al dakizu noiz arte egongo zara bertan?
Datorren urteko abendura arte. Izan ere, hemen ikasturtea martxoan hasten da eta azaroa amaieran bukatzen da. Aurreko irakasleak zituen ikasleak ditut eta hori oso ondo dago, dagoeneko martxa hartuta baitute. Baina ikasturte oso bat eman nahi dut beraiekin, gutxienez. Horrek datorren urteko abendura arte gelditzea eskatzen dit.
Zer aurkitu duzu Uruguain?
Sorpresa handia hartu dut. Jendeak Euskal Herria ondo ezagutzen du. Kalean berehala konturatzen dira ez naizela hemengoa eta euskalduna naizela esaten diedanean, denek esaten didate Euskal Herriari buruzko zerbait. Izan ere, gehiago edo gutxiago, denek dute Euskal Herriarekin loturaren bat. Jendea oso adeitsua eta eskuzabala da. Denak daude laguntzeko prest.
Bizimodua Euskal Herrikoaren oso ezberdina al da?
Bizitzaren kostua hangoa baino merkeagoa izatea espero nuen, baina antzekoa da. Bizimoduari dagokionez, oraindik gauzak deskubritzen ari naiz, baina han hainbat gauza oso errotuta ditugula konturatu naiz: kuadrilla, asteburuetako planak… Nik hemen halakorik ez dut oraindik eta eraiki beharra dut. Euskal Etxeek indarra dute eta tarteka bertara joaten naiz.
Zer aurkitu duzu Euskal Etxean?
Euskal Etxeetan ere euskara eskolak ematen dira eta Euskal Etxean ezagutu ditudan batzuk euskara maila ona dute. Nire aurreko irakasleari agur-festa egin genionean ezagutu nituen, bertsotan egiten dudala zekiten eta bertso eskola martxan jarri dugu. Hiru ikasle ditut. Montevideon bertso eskola sortu izana, nahiko gauza deigarria da.
Uruguaiko gizartea Euskal Herrikoaren oso ezberdina al da?
Ez. Mugimendu kultural indartsua dago, ikasle mugimendua ere indartsua da, kalean bizitza asko egiten da, jendeak parkeetan kirola egiten du…