Mugikorren erabilera osasuntsuaz eta Gabonetan mugikorra oparitzeaz hausnartzeko kanpaina abiatuko dute
Gainzuri ikastetxeko, Jose Mari Iparragirre institutuko, Urretxu-Zumarraga ikastolako eta La Salle-Legazpi ikastetxeko guraso talde batek Altxa burua: Urretxu-Zumarraga taldea sortu du, Urretxuko Udalaren laguntzarekin. Seme-alaben mugikorren erabileraz hausnartu ondoren, haurrek eta nerabeek mugikorra izateko adina atzeratzea proposatu nahi dute gurasoen artean eta erabilera kontzientea eta osasungarria sustatu nahi dute haur eta nerabeen artean.
Maiatzaz geroztik, ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza komunitatean eragiteko talde eragile propioa du. Altxa burua talde eragileen elkarlanerako taldea da. Taldearen irudia bera gurasoetako batek egina da.
Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak koordinatuta eta babestuta abiatu dute bidea. Udaberriaren hasieran, hainbat gurasok udaletxera jo zuten gaiaz zuten kezka adierazi eta laguntza eske. Maiatzean, Miren Rosen hitzaldia antolatu zuten abiapuntu gisa. Udako oporraldiaren aurretik ikastetxeetako talde eragileak eratu zituzten. Oporren bueltan, urriaren hasieran ikastetxe guztietako taldeetako ordezkariak lehenengoz elkartu ziren, bakoitzak ordura arte egin zuena partekatzeko eta egin zezaketena aztertzeko. Kontzientziaziotik abiatzea erabaki zuten, eta, hala, Miren Rosen bigarren hitzaldi eta Gregorio Montero psikiatrarena antolatu zituzten. Biek oso harrera ona izan zuten: 100 guraso baino gehiago izan ziren urrikoan eta 200 baino gehiago joan den astekoan.
Kontzientziazioarekin jarraituko badute ere, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasle eta gurasoengan eragitea dute helburu orain. Talde eragileak, ikastetxeetako zuzendaritzekin batera, lanketa hori nola egin aztertzen ari dira. Talde eragileetan zein Altxa buruan nornahik har dezake parte. Urretxuko Udaleko Gazteria sailak, bere aldetik, koordinazioa eta babesa eskainiko die, parte hartze aktiboa, haurren eta nerabeen ongizate emozionala eta nortasun digital onuragarriak sustatu nahi dituelako.
Datozen egunetan, Gabonetan mugikorra oparitzeaz eta mugikorren erabilera osasuntsuaz hausnartzeko kanpaina abiatuko dute. Gregorio Montero psikiatraren esaldia izango du kanpainak: Mugikorraren argiak ez dezala itzali ez zure argitasuna, ezta zure seme-alabena ere. Taldearen irudia zabaltzeko ere baliatuko dute kanpaina.
Bestalde, pornografiaren inguruan sortu den kezkari ere erantzuteko, Urretxuko Udaleko Gazteria sailak gurasoei eta nerabeei zuzendutako tailerrak egingo ditu abenduaren 11n, Emaize sexologia zentroaren eskutik. Bi tailer izango dira. Bata, gurasoei zuzendua izango da: Porno belaunaldira hurbiltzen: erronka familien sexu hezkuntzan, 18:00etan, kultur etxean. Bestea, nerabeei (DBH) zuzendua izango da: Pornografia: fikzioaren eragina espektatibetan, 17:30ean, Gazte Bidean lokalean.
Gurasoei zuzendutako tailerrean izena emateko, sakatu hemen.
Nerabeei zuzendutako tailerrean izena emateko, sakatu hemen.