Antxiñako Ama txistulari taldeak txistu kontzertua egingo du larunbat honetan, 19:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Sarrera librea izango da, aforoa bete arte. Aurtengo kontzertuaren leloa Txistua hari ezkutua da.
Horra hor taldekoek prestatu duten aurkezpen testua: “Antxiñako Ama Txistulari taldeko kideak ilusio handiz egin ohi dugun kontzertua aurkeztera gatozkizue. Zumarragako txistu kontzertua sentsibilitate desberdinen arteko topaketarako balio izatea gustatuko litzaiguke, horrek mundua beste ikuspegi batetik ikusten laguntzen baitu. Txistua, hari ezkutua izango da aurtengo kontzertuaren leloa. Txistua goraipatu nahi dugu, gizartearen, gizatalde ezberdinen isla delako, arima eta hizkuntza eta musika tresna bezala, elkartzen gaituzten istorio eta historia guztien hari ezkutua. Ekitaldian zehar, dantzak, ahots bakarlariak eta instrumentu ezberdinak arituko dira.
Herritarrei, musikaren mundu misteriotsuan murgiltzera, melodien artean mugarik gabeko bidaia egitera gonbidatu nahi diegu. Kontzertu honen helburu nagusia, musikarekin herri giroan ondo pasatzea da. Musikaren bueltan, espazio bat elkarbanatzea”.
Argazkiak: Josu Perez