Asier Teijeira futbolari zumarragarrak Salamancako Unionistas taldean jokatzen du. Gaur, Kopako final hamaseirenetan, Villarreal taldea kanporatu dute. Ondoren, zozketa egin dute eta Unionistasi final zortzirenetan Bartzelonaren aurka jokatzea egokitu zaio. Kanporaketa hilaren 17 edo 18an jokatuko da, Salamancan.
Teijeirak (Zumarraga, 2001) Urola eman zituen lehen pausoak, kimu mailan. 11 urterekin Realarekin fitxatu zuen eta 11 denboraldi eman ditu bertan, bigarren talderaino. Aurten Salamancako Unionistasen jokatzen ari da, Realak utzita. Aurten bukatzen da Realarekin duen kontratua.
Unionistas taldeak 1. RFEF mailan jokatzen du. Kopan sekulako balentria egiten ari dira. Lehen kanporaketan Gernika kanporatu zuten, bigarrenean Sporting historikoa (egun Bigarren Mailan jokatzen du) eta final hamaseirenetan Europa League jokatzen ari den Villarreal. Partida atzo hasi zen, baina bertan behera utzi behar izan zuten argi falta zela eta. Gaur amaitu dute. Teijeira atzo atera zen (58. minutuan) eta gaur partida amaiera eta luzapena jokatu ditu.
Atzo Teijeirak gola sartu zuen, baina epaileak baliogabetu egin zuen bere taldekide bat lurrera nahita bota zelako. Gaur, partidako 81. minutuan, Villarreal aurreratu da. Baina 86. minutuan Unionistasek berdindu du, Teijeirari egin dioten penalti bati esker. Luzapenean ez da golik egon eta penaltietan Salamancako taldea nagusitu da. Teijeira Unionistasen penaltia botatzeko prest zegoen, baina Villarrealek bere aurrekoa huts egin du eta ez du bota beharrik izan.
Dutxatu ondoren, zelaian bertan, Unionistaseko jokalariek hurrengo kanporaketaren zozketa jarraitu dute telebistaz. Lehen Mailako Villarreal kanporatzea sekulakoa izan bada, hurrengo kanporaketa Bartzelonaren aurka jokatuko dutela jakiteak arratsalde borobildu du. “Zoramena izan da. Villarreal kanporatzea sekulakoa izan bada, Bartzelonaren aurka jokatzea gaindiezina da. Zaleek sekulako bultzada eman digute Villarrealen aurkako partidan eta Bartzelonaren aurka jokatuko dugula jakin dutenean beraiek ere sekulako poza hartu dute”, aipatu du Teijeirak.
Kanporaketa gainditzeko aukera dutela gehitu du. “Villarrealen aurkako kanporaketa oso zaila zen eta gainditzea lortu dugu. Bartzelonaren aurka ere gogor borrokatuko dugu eta ea ezer gertatzen den”.
Teijeirari ilusio handia egiten dio Bartzelonaren aurka jokatzeak, baina nahiago zuen Real Madrilen aurka jokatu. “Realekoa naiz, baina nahiago nuen Real Madrilen aurka tokatzea. Izan ere, Realeko asko ondo ezagutzen ditut: Barrenetxea, Pacheco, Urko, Magunazelaia, Olasagasti, Marrero eta Marinekin jokatu dut, besteak beste”.
Real Madril nahiago zuen arren, Bartzelonaren aurka ere gustura arituko da. “Taldekide gehienok Real Madril edo Bartzelona nahi genuen. Bartzelonaren aurka jokatzeak ere ilusio handia egiten dit, noski, klub historikoa baita. Frenkie de Jong, Araujo… jokalari guztiak oso onak dira. Villarrealen aurka jokatzea ere sekulakoa izan da: Pepe Reina munduko txapelduna, Coquelin, Sorloth… Azken hau Zubietan ezagutu nuen. Sekulako armairua da, baina ondo defendatu dugu”.
Villarrealen aurka jokatzea oso pozgarria izan da eta Bartzelonaren aurka ere jokatzeko aukera izatea espero du, pixkanaka geroz eta gehiago jokatzen ari baita. “Hainbat eskaintza nituen. Unionistasek nire aldeko apustua egin zuen eta hona etortzea erabaki nuen. Berandu iritsi nintzen eta lehen hilabete eta erdia gogorra izan zen. Izan ere, Zubietan oso eroso nengoen. Baina hemengo aldagela ere oso ona da eta dagoeneko ondo egokitu naiz. Teknikariak eta zaleak ere bikainak dira. Ligan sailkapeneko erdialdetik behera gaude, baina oreka handia dago eta gora egitea espero dugu. Azken partida ez nuen jokatu gaixo nengoelako, baina aurreko bostak hasieratik jokatu nituen. Bi asistentzia eman ditut eta bi aldiz zutoina jo dut. Oraindik ez dut golik sartzea lortu. Etorkizunera begira, nire helburu bakarra denboraldi ona egitea da. Gero gerokoak”.
Zumarragako futbolariak aurrean jokatzen du. “Beti hegaletan jokatu dut, baina azken urteetan erdilari aurreratu bezala ere bai. Nire gustuko jokalaria Griezmann da”.