Urretxu eta Zumarragako udalek hainbat ekintza antolatu dituzte udaberriko oporretarako. Apirilaren 2tik 5era izango dira.
Alde batetik, bi udalek Urretxuko Ederrena pilotalekuan antolatutako ekintzak daude. Apirilaren 2tik 5era haurrentzako gunea egongo da bertan. Tailerrak eta jolasak egingo dira. 3 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Haurrentzako aisialdi gunea 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara irekiko dute (apirilaren 2an, soilik arratsaldez).
Sarrerak 2,5 euro balio du saio bakoitzeko eta 4 egun osokoa denean. Sarrerak bertan erosiko dira, sartzeko unean.
Horretaz gain, Urretxuko Udalak aire libreko ekitaldiak egingo ditu Santa Barbaran. Horiek apirilaren 2tik 4ra izango dira. Arratsaldez egingo dituzte. 15:00etatik 16:30era, hain zuzen ere.
Apirilaren 2an altxorraren bila arituko dira Irimo mendiaren magalean, apirilaren 3an ginkana probetan parte hartuko dute eta ipar-orratzarekin arituko dira eta apirilaren 4an eskulanak egingo dituzte hostoekin. Parte hartzaileek 2,5 euro ordaindu behar dute saio bakoitzeko.
Izena emateko, Urretxuko Aizpurunea kultur etxera jo behar da: bihar, etzi, 25ean edo 26an, 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era.