
Bihar (larunbata) Xabier Ormazabal mendi festa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola Plazan. Haurrek eskalatzeko aukera izango dute, eskalada eskolen lehiaketa egingo dute eta bekaren irabazlearen berri emango da, besteak beste.
11:00etatik aurrera, txikienek mendiarekin eta eskaladarekin lotutako hainbat jolas izango dituzte. Koltxonetetan jauzi egingo dute, slackline jolasean oreka praktikatuko dute… Ausartenak plaza osoa gurutzatuko duen tirolina ikusgarrian arituko dira. Urteroko moduan, boulderrean aritzeko aukera ere izango dute, noski. Egunak aurrera egin ahala, boulderra piezak galtzen joango da eta gero eta zailtasun handiagoa izango du.
Eguerdian, 12:30ak aldera, eskaladako herri topaketa izango da. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Helburua ikastea eta gozatzea da. Ordu berean haurrentzako tailerrak hasiko dira.
Gainera, Menditonbola goiz osoan egongo da zabalik. Sari garrantzitsuak banatuko ditu: marka ezagunen mendiko materiala, bertako produktuak Bi-Tartean merkatari elkartearen eskutik, Sua argitaletxearen liburuak, artisau izozkiak… Bai argitaletxeak bai izozki enpresak postua jarriko dute eta mendi festak irauten duen bitartean zabalik izango dira.
14:00etan, antolatzaileek, parte hartzaileek, zaleek eta bisitariek paella jana egingo dute plazako karpan. Helduek bazkalondoaz gozatzen duten bitartean, haurrek eta gaztetxoek aire libreko zine emanaldia izango dute plazan bertan.
16:00etan eskalada eskoletako monografikoa eskainiko dute eta 17:00etan Karlos Aretxabaletak Haitzak eta izarrak liburua aurkeztuko du. 18:00etan eskalada desafioa hasiko da. Araotz, Etxauri, Atxarte eta Kanpezuko eskalatzaileak lehiatuko dira. Alex Txikon eta Josean Mulas izango dira aurkezleak.
Proba bukatutakoan, eta luntx txiki baten ondoren, 20:30 aldera, bertan daudenek Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen izena ezagutuko dute. Baita parte hartu duten proiektu guztien nondik norakoak ere.
Jarraian, berritasun gisa, Jon Plazaola urretxuarrak bakarrizketa bat eskainiko du. Bukatzeko, bi dokumental emango dituzte: Anima de Corall, Marc Torralles eta Bru Brusonena, eta Riders of the storm, Nico Favresse eta Sean Villanuevarena.
Xabier Ormazabal beka 2017an aurkeztu zen. Urte hartan, Urretxuko Udalak, Ormazabal zenaren oroitzapena bizirik mantentzeko, maila handiko eta originaltasunezko proiektuak bultzatzeko beka deialdia egin zuen. Proiektuaren bultzatzailea Andoni Ormazabal, Xabierren anaia, izan zen.
Bekaren helburua gazteen artean mendiko jarduera bultzatzea da. Hori dela eta, adin muga bat jartzea erabaki zen: 24 urte. Proiektuak 24 urtetik beherako gazteek aurkeztu behar dituzte, adin horrekin zendu baitzen Xabier. Beka bi urtero esleitzen da. Urte batean beka aurkezten da: oinarriak, izandako aldaketak… Hurrengoan mendi festa handia antolatzen da, irabazlearen izena ezagutzera emateko.
Horra hor Potronkok azken edizioan ateratako argazkiak.