
Bi-Tartean elkarteak Merkatariaren Eguna ospatuko du ostiralean. Merkatariaren Eguna, lanbidea harrotasunez bizi duten profesionalen ospakizun eta aitortza jai berezi gisa biziko dute. Gainera Bi-Tartean elkarteari garrantzia emateko aukera gisa ere baliatuko dute egun hau. Elkartean, bakoitzak bere jarduna sendotzeaz gain, komunitate osoari mesede egiten dion merkataritza sare sendoa sortzen dutela azpimarratu nahi dute. Eguna ilusioz ospatzeaz gain, merkatariek herriko ekonomian eta herritarren eguneroko bizitzan duten garrantzia nabarmendu nahi dute.
Jai giroko ospakizuna izango da. Egunean zehar merkatari bakoitzak herritarrekin ospatuko du, ekintza bereziak antolatuz, ikastaroak, kolaboratzaileen aurkezpenak, produktu edo zerbitzu berrien aurkezpena… Iluntzean (dendak itxi ondoren) elkartu egingo dira familia argazkia atera, mokadutxoa egin eta elkarrekin egoteko. Aurten elkartearen egoitzan elkartzea erabaki dute, berritze lanak ordurako eginda egongo direnez, elkarrekin irekiera egin ahal izateko.